Irrati libre berri bat sortu dute Beran, 102.5 frekuentzian entzungai dagoena. Kaxerna gaztetxeko kideen proiektua da: “Herrian dagoen hutsune bat betetzeko asmoarekin jarri dugu martxan egitasmo hau”.
“Karakola bezala mantso, lasai” jarri dute martxan proiektua, helburu finko batean baino, “marrazten” ari diren arrastoan arreta jarriz.
Berako “ahots” berriak bost irratsaio ditu: Mari Xulufrai saioan ipuinak kontatuko dituzte, Kalianberan eguneko gaiak jorratuko dituzte eta Uhin Arrastoen Bilan musikaz gozatzeko parada izanen da. Deus Galdetu Gabe saioak eztabaidarako tartea eskainiko die entzuleei. Bukatzeko, Hautsontzi eta Zerbeza saioa “sasi-jakintsuen arteko filtrorik gabeko tertulia umoretsua” izanen da.