Kaxa hutsak proiektuaren baitan, azken hamarkadetan Uruguain bizi den Josu Lariz euskal iheslariaren esperientzia biltzen duen dokumentala estreinatu zen ostegun honetan Iruñeko Katakrak liburudendan: Oroimina loretan
Dokumentalaren berri emateaz gain, Kaxa hutsak proiektua biltzen duen webgunea ere eman zen ezagutzera. Bertan azaltzen denez, “Kaxa hutsak Euskal iheslarien esperientziak ezagutu eta kontatzeko ikus-entzunezko proiektu dokumentala da. Ibilbide luzeko lana. Sakonean egindako lana. Siluetaren estigma alde batera utzi eta lehenengo pertsonan eraikitako kontakizuna”.
ETAko kide zelakoan Guardia Zibila bere bila joan zenean, Elgoibar utzi eta Josu Lariz iparraldera exiliatu zen 1984an. Estatu Frantsesa utzi eta 1988an sartu zen Uruguaira. Egileek dokumentalaren sinopsian aipatzen duten moduan, “hiru bider sartu zuten kartzelan, Uruguain bitan eta behin Argentinan. Espainiar justiziak egindako estradizio eskariei bi herrialde ezberdinetan irabazi dien euskal herritar bakarra da. Espainiako Estatuan oraindik itxi gabeko kausak dituenez, ezin du bere jaioterria den Altzolara itzuli; Montevideo hirian bizi da”.
Astean bertan bi iheslari itzuli dira Euskal Herrira, Joseba Sarrionandia eta Agustin Azkarate. Egunotan Foro Sozialak adierazi dutenez, oraindik 41 euskal herritar daude atzerrian gatazka politikoak eraginda, zortzi deportatu eta 33 iheslari. 1998tik, halaber, 201 iheslari itzuli dira Euskal Herrira.
Kaxa hutsak webgunean irakur daitekeenez, "erbestea kontzeptu bat da, hitz bat; egoera bat, alegia. Paktu isil antzeko bat. Ez-jakintasuna eta askotan… hobeto ez jakitea. Pertzepzioa edo imajinarioa alde batera utziko dugu eta deserria hitza moldatuz joango gara. Letrak gehituz, formak aldatuz, edukiz betez eta esanahia bera ere eraldatuz joango da”.
2012tik abian den proiektua da Kaxa hutsak eta jakinarazi dutenez, “erbesteratuen egia osoa ezagutu eta ezagutzera emateko xedeari jarraitzen dio egitasmoak. Hain justu, egia osatzea justiziaren, erreparazioaren eta berriro ez gertatzeko neurri edota bermeen abiapuntu eta oinarri dela ulertuz”.
Proiektuaren bultzatzaileak dira Bostok Photo lan taldeko argazkilari Josu Trueva, Gari Garaialde eta Iker Oiz.