Euskal iheslarien bizipenak ezagutarazteko Kaxa hutsak ikus entzunezko egitasmoa jarri du martxan Bostok Photo argazki kooperatibak.
Horretarako, crowdfunding kanpaina jarri dute abian Karena plataforma digitalean: 20 eurotik hasi eta 750 eurorainoko laguntza eman dezakete bertan taldeek eta norbanakoek.
Guztira, 12.000 euro behar ditzute 2012an hasitako proeiktua aurrera eramateko.
Iheslarien gaur egungo egoera ezagutaraztea da proiektuaren xedea. Errefuxiatuen bizitza dokumentatu eta irudikatu nahi dute egileek. “Lehen pertsonan azaldu nahi ditugu beraien egoerak eta pairatzen dituzten gizarte arazoak”, azaldu dute.
Dokumentalean 6-8 iheslariren egoerak kontatuko dituzte, garai eta egoera ezberdinetan ihes egindakoak, kolektibo handi horren irudi “ahalik eta zabalena” eskaintzeko.
Joseba Sarrionandiaren poema batekin laburtu dute egitasmoaren oinarria: "Exilioa, armairu batean ezkutatzea da, norbaitek zabalduko duenaren beldurrarekin, baina baita inork, sekula irekiko ez duen beldurrarekin ere".
Egitasmoaren sustatzaileek ez dute armairu horretako ateak irekitzeko asmorik, baina diotenez barrura begiratu nahi dute: “Zenbat neurtzen duen jakin nahi dugu, barruan nola bizitzen den, bizitzerik baden galdetu eta besteei armairua izan badela erakutsi”.