argia.eus
INPRIMATU
Yahya Sinwar
Kausa justu baten aldeko gerlaria, halaxe hil da
  • Joan den asteazkenean Hamaseko buruzagi Yahya Sinwarren heriotza erresistentziaren garaipen esanguratsu gisa oroitua izango da.

Moon of Alabama 2024ko urriaren 21
Yahya Sinwar, larri zaurituta, droneari begira.

Sinwarren heriotzaren berri "erakunde sionistaren" armadak eta defentsa ministroak eman zuten, ez lehen ministro Netanyahuk. Horrek beren arteko diskordantzia nabarmena adierazten du.

Horrela deskribatu du Times of Israelek bere heriotza:

Ez ziren bera [Sinwar] zuzenean erasotzen ari, eta soldaduak soilik konturatu ziren hildako hiru terroristetako bat itxuraz Sinwar zela, ostegun goizean eszena aztertu zutenean.

...

Hiru terrorista atzeman zituztenean, tiro egin zieten. Zaurituta, bi eraikin batean sartu ziren eta hirugarrena, Sinwar, beste batean, militarrek esan zutenez. Beste bi terroristak, antza, Sinwarren bizkartzainak ziren, eta bere aurretik mugitzen ziren, bidea irekiz. Israelgo armadaren (IDF) tankeak eta bestelako indarrek tiro egin zuten bi eraikinen aurka.

Sinwar bigarren solairura igo zen. Tanke batek beste tiro bat bota zuen eraikinaren kontra, eta infanteriako tropel bat hurbildu zen bere bila. Sinwarrek bi granada jaurti zizkien eta bat lehertu egin zen. Soldaduek erretiratu egin behar izan zuten eta drone bat bidali zuten hegan bere bila gelara. Besoa zaurituta eta aurpegia estalita zituen gizon bat aurkitu zuen –Sinwar– eta droneari makil bat bota zion. Tanke batek beste tiro bat egin zuen eraikinaren aurka eta hil egin zuen.

Ostegun goizean, droneak aurkitu zuen terroristaren aurpegia begiratu zuten eraikina aztertu zuten soldaduek, eta Sinwarren antza zuela konturatu ziren. Israelgo Segurtasun Agentzia Shin Betek DNA eta hatzaren zati bat hartu zizkioten bere nortasuna egiaztatzeko. Ez zegoen bahiturik Sinwarrekin.

IDFren bozeramaile Daniel Hagarik ostegun gauean prentsaurrekoan baieztatu zuen militarrek identifikatu zutenean "eraikineko terrorista" hori, ez zekitela Sinwar zela. "Eraikinari tiro egin genion eta bila joan ginen. Balen aurkako txaleko batekin, pistola batekin eta 40.000 NISekin [10.000 euro] aurkitu genuen”.

...

Sinwarrek bitartekariekin harremana egin berria zuen bahituen askatasuna eta su-etena negoziatzeko, zenbait asteko isiltasunaren ostean, zeinagatik espekulatzen hasia zen Gazan eginiko eraso batean hila ote zen.

Militarrek droneak hartutako bideoa publikatu zuten, eta baita Sinwar hilik aurkitu berritan grabatutako bideo eta argazkiak.

Dronearen irudiek aurreko deskribapena berresten dute. Argitaratu izana bereziki esanguratsua da. Zenbait iruzkin jarraian:

jeremy scahill @jeremyscahill - 20:50 UTC · Oct 17, 2024

"Urtebetez, Israelek deskribatu du Sinwar bahituz inguratutako koldar baten gisa, tuneletan ezkutatuta, bahituz inguratuta. Eta horrela erretratatzen jarraituko dute. Baina publikatu dituzten xehetasunek indartuko dute amaiera arte Israel borrokatu duen pertsonaren irudia".

---

Marwa Osman || @Marwa__Osman - 3:55 UTC · Oct 18, 2024

"Israelgo psikopata genozidek al-Sinwar martiriaren bizitzaren azken uneak zabaldu zituzten, eta hala erresistentziaren morala kolpatzea espero zuten. Nor izan zen hori egiteko aholkatu zien zoroa?

Bizkarra emanez kamerari, keffiyeh zapia jantzita, makila jaurtitzen dio –Hanzala moderno bat bezala–. Zaurituta, bakarrik, azken hatsera arte borroka. Palestina bezala.

Filmaketa honek Palestinako ikono berri bihurtu du al-Sinwar, gure bihotzak betez harrotasunez eta duintasunez".

---

Ali Abunimah @AliAbunimah - 22:19 UTC · Urr 17, 2024

"Ni hiltzea da etsaiak egin diezadakeen oparirik handiena. Jainkoaren eskuetan uzten dut nire martirioa. 59 urte dauzkat eta nahiago dut F-16 batek edo suziriek martirizatua izan, koronabirusaz edo bihotzeko batek jota hil baino... nahiago dut martiri hil" - Yahya Sinwar 2021ean. Bideoa hemen.

---

Hind Hassan @HindHassanNews - 20:06 UTC · Urr 17, 2024

"Hauxe izan zen nire elkarrizketa Sinwar-ekin. Kameraz hartutako bere azken elkarrizketa da. Mundu guztiak zioen ezkutatuta zegoela, 2021ean hamaika egunez Israelek bera hiltzeko luzatu zuen bonbardaketaren ostean. Kalean oinez aurkitu genuen, gerarazi genuen eta elkarrizketa eskatu genion". Hemen bideoa.

---

Sinwarren heriotzak ez du erresistentzia amaituko:

Helena Cobban @helenacobban - 23:54 UTC · Urr 17, 2024

"Nahikoa zaharra naiz gogoratzeko 2003-2004ko Israelgo sarraskia, zeinean erail zituzten Sheikh Ahmed Yassin, Abdel-Aziz Rantisi, Ismail Abushanab eta #Hamas-eko beste lider asko... eta beti imajinatu zuten erresistentzia palestinarraren arazoa “konpondu” zutela beren agiten kolonial basatiarentzat..."

Eta bitartean, gerrak jarraitzen du:

5 soldadu hil dira eta beste hainbat zauritu Libano hegoaldean Hezbolarekin izandako borroketan - Times of Israel

---

Hala Jaber @HalaJaber - 22:43 UTC · Urr 17, 2024

GARRANTZITSUA: Badirudi fase berri bat hasiko dela laster Libanon.

“Erresistentzia lidergoaren gidalerroak oinarri hartuta, Erresistentzia Islamikoaren Operazio Aretoak iragarri du Israel etsaiarekin bizi den konfrontazioaren eskaladan, beste fase baterako trantsizioa egingo dela, eta hori datozen egunetan eztabaidatuko dela”.

Goian bego Yahya Sinwar

*  Moon of Alabama geopolitikan espezializatutako bloga da eta egileak 'b' ezizenez sinatzen ditu artikuluak. Hemen artikulu originala.