Oso gertu daude, praktikan, “gaur egun ezin da ezer esan” dioen koinatua eta “aske naiz nahi dudana egiteko” esaten duen ustezko progrea. Ustezko askatasuna. Ustezko ustezkoa. Demokraziak parekatu behar zituen gizakiak, eta sare sozialek, komunikazioak. Denok ginen berdinak, ustez.
Koinatua egon daiteke hizketan magrebtarren inguruan, edo chico/chica/chique-ei buruz, horrela, elkarren segidan esaten, modu iraingarrian; izan ere, orain-arte-bi-ziren-eta-orain-hamar-mila-dira. Generoak, jakina. Ze, ondo asko dakigu gaur egun ezin zaiola kamarerari guapa deitu. Eta ezin direla gauza batzuk esan.
Bigarren lagunaren esaldiak, nahi duena egiteko aske dela aldarrikatu duenak, honela segi dezake: “Ezin al dut, bada, nire hamar [gizon] lagunekin elkartu eta ondo pasatu, musika egiten?”. Buelta horretako beste kideren batek, zera: “Nire lagunekin parranda egiteko modu bat da, zer du desegokitik?”.
Egia da: gauza batzuk ezin dira esan. Gauza batzuk bai, esan daitezke, eta kritikatu ere bai. Erraza ere bada, zenbaitetan, jende bat ezkerretik kritikatzea. Baina beste gauza batzuk ezin dira seinalatu, seinalatuz gero egurra jasotzen baituzu. Modernitis-ak erradikalki harrapatu gaitu, ezkerretik eta eskuinetik. Gauza batzuk guay-ak direlako, guay-egiak boz goran kritikatzeko.
Gauza batzuk guay izatea lortzen dute auskalo zergatik. Beno, badakigu dela hargatik.
Euskal Herrian barreiatzen den musikan, guay bihurtu dira konkretuki bi-hiru talde azken boladan. [Gizonenak]. Donostialdean bateren bat, castellano vulgarrean fin. Baina ez gara horietaz bakarrik ari. Musika guay-a egiten dute, musika guay-a delako orain runba, salsa eta, oro har, musika latinoa deitu ahal zaiona. “Ondo pasatzeko musika”. Esan nahi baita: bost, hamar edo hamabost gizon oholtzan "txoroarena" egiten egotea. Jendaurrera lasai igotzeko gaitasuna edukitzea, eta instrumentuak ganoraz jotzen ondo jakin gabe ere igotzea, eta hori aldarrikatzea. Eta gero, lasai ederrean, Kaparrak taldeak El Salto-ri emandako elkarrizketan hau esatea: “Euskal Herrian ez genuen horrelako ezer ikusten eta guk egin nahi izan genuen”.
Baita hau ere: “Gu beti identifikatu gara katxondeoarekin eta beef txiki bat bota nahi izan genuen txosnetan jo ezinaren ondorioz”. Beef bat. Alegia: oholtzara ez igotzeko esan arren, sudur puntan jarritakoa egin. Hala nahi dutelako. Ahal dutelako.
Koinatuarenak orain artekoak. Ustezko progre lagunak hau ere badio: “Nahi duguna da parekidetasun bat egotea eta denek aukera berak izatea. Espero dugu emakumez osatutako talde gehiago sortzea eta gizonei ematen zaizkien aukera berdinak ematea”.