Getariako portuko bokalean hainbat katuarrain hilik aurkitu dute maiatzaren batean Buceo Donostiko kideek.
Eguzki talde ekologistak salatu du marrazo txiki hauek "ontziren batetik arrantzatu ondoren, berriz ere itsasora bota dituztela porturatu baino lehen, hilik baina, neurri egokirik ez zutelako edo interes komertzial handirik ez zutelako". Praktika hori jasangarria ez izan arren, guztiz ohikoa dela salatu du Eguzkik.
Orain dela bi urte, antzeko kasu baten berri eman zuten Pasaiako portuko bokalean, orduan ere Buceo Donostik agerian utzitakoa. Orduan ere ehunka katuarrain hilik topatu zituzten.