argia.eus
INPRIMATU
Katixa Dolhare Zaldunbide
“Literatura hezkuntzaren zimendua da”
  • Euskara eta euskal literatura, programaketatik ikasgelara jardunaldia antolatu dute elkarlanean Seaskak eta UEUk Baionan, Udako Ikastaroen barruan, eta bertan parte hartuko du Katixa Dolhare Zaldunbidek. Ezpeletan sortu zen 1982an, Lapurdin, eta familiarekin Nafarroa Beherean errotu da duela dozena bat urte, Bankan, hain zuzen ere. Goi-mailako ikasketa literarioak egin zituen classes préparatoires aux grandes écoles direlakoetan, Bordeleko Montaigne lizeoan, bi urtez (hypokhâgneetakhâgne), eta ondotik literaturan berezitu zen Bordeaux-Montaigne unibertsitatean, doktoregoraino, 2010ean.

UEU 2024ko uztailaren 09a

Letretako agregazioa pasatu zuen 2005ean, eta geroztik irakasle da. Hemezortzi urtez irakatsi du bigarren hezkuntzan eta unibertsitatean, bietan, bai eta AEKn eta Seaskako barne-formakuntzaren arloan ere. 2023ko irailaz geroztik, osoki ari da Bordeaux-Montaigne unibertsitatean literatura-irakasle gisa, Euskal Ikasketak sailean, Baionako campusean.

Zer ekarpen egiten dio literaturak hezkuntzari?

Nire ikuspegitik, literaturaren irakaskuntzan aurki daitezke lehenagoko humanitateak, literaturaren baitan atzeman daitezkeelako historia, hizkuntzak, filosofia, estetika. Zorroztasuna eta irudimena biak uztartzen ditu, seriotasuna eta umorea bezala. Nire irudiko, literatura hezkuntzaren zimendua da, gazteen gogo-bihotzen loratzea ahalbidetzen duelako. Gizakiaren eta munduaren konplexutasuna ulertzeko bidelagun paregabea da.

Nola landu euskal literatura bigarren hezkuntzan? Gai horren inguruan arituko zara ikastaroan.

Bigarren hezkuntzan, literatura ezberdinki landua da Euskal Herriko hezkuntza-sistema ezberdinetan. Frantzian eta Iparraldean, literatura, frantseseko programaren zentroan da, eta frantseseko programa curriculum osoaren zentroan dago. Literatura kosmobisio oso baten bideratzaile gisa ikusia da, hertsiki lotua historia, filosofia, hizkuntza eta arteari, eta biziki zehazki landua da, modu akademikoan zein modu ludikoan. Ez dira testuliburuak baitezpada erabiltzen, baina bai liburu osoak irakurtzen.

Hegoaldean, berriz, helburu soziokomunikatiboek dute lehentasuna, eta literatura bigarren maila batean utzia da.

Frantziako hizkuntza-programetan (barne: euskara-programan), hiztunen formakuntza da xede nagusia: literatura tresnatzat har daiteke hizkuntza lantzeko, baina ez du, berez, leku handirik. Ondorioz, Ipar Euskal Herrian, euskal literaturak ez du kasik presentziarik bigarren hezkuntzan. Frantseseko programa eredugarri iruditzen zaigun literaturazaleontzat, frustrazio izugarria sortzen du egoera horrek.

Zein da ikasleen erantzuna?

Bigarren hezkuntzako ikasleek ez dute euskal literatura behar bezala ezagutzen.

Eta zein erronka nagusia?

Euskal literatura bigarren hezkuntzan: zertarako, zer eta nola irakatsi?

Esperientziak partekatzeko gunea izango da. Zer da ikastarotik lortzea gustatuko litzaizukeena?

Nahiko nuke motibazioa sentitu ekintzetara pasatzeko, kolektiboki: curriculum bat eraikitzeko, euskarri pedagogikoak sortzeko, irakasle irakurzale sare bat sortzeko…

Zerbait nabarmentzerik nahi?

Saio hori lan kolektibo erraldoi baten urrats ñimiñoa baizik ez da izanen…