argia.eus
INPRIMATU
Katixa Dolhare-Zaldunbide izendatu dute Euskal Kultur Erakundeko lehendakari
  • Uztailaren 2an izendatu dute Euskal Kultur Erakundearen (EKE) lehendakari Katixa Dolhare-Zaldunbide idazlea eta ARGIAko kolaboratzailea. EKE erakundea 1990ean sortu zenetik, izan duen lehen emakume lehendakaria da.

ARGIA @argia 2022ko uztailaren 05
Katixa Dolhare-Zaldunbide, EKEren egoitza atarian. Argazkia: EKE.

Mikel Erramouspe izan da orain arte lehendakari eta Katixa Dolhare-Zaldunbidek hartu dio erreleboa. 1982an Ezpeletan sortua da eta literaturan doktore izateaz gain, Bordeleko unibertsitatean literatura garaikidea ikertzen dihardu eta Nafarroa Behereko bigarren hezkuntzako irakasle ere bada. 2014an argitaratu zuen Biribilgune eleberria eta ARGIAn iritzi artikuluak idatziz kolaboratzen du (hemen irakur daitezke bere artikulu guztiak).

Laugarren lehendakaria, emakumea

1990ean sortu zen Euskal Kultur Erakundea eta 32 urteotan lau lehendakari izan ditu: lehena Ramuntxo Camblong izan zen eta 1990-1994an bete zuen kargua; honi txanda hartu zion Erramun Bachoc-ek 1994-2003 epealdian eta ondotik Mikel Erramouspe izan da lehendakari 2003tik 2022ra, lehen aldiz emakume batek kargua hartu berri duen arte.