argia.eus
INPRIMATU
Katixa Agirreren ‘Atertu arte itxaron’ liburuak irabazi du 111 Akademiaren Saria
  • Katixa Agirreren Atertu arte itxaron eleberriak jasoko du 111 Akademiaren Saria. Hiru bozketa txandaren ondoren hartu da erabakia.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2016ko apirilaren 25
Katixa Agirre artxiboko irudi batean (argazkia: Lander Arbelaitz).

Urtarrilean hasi ziren 111 Akademiako kideak 2015ean argitaratutako liburuen artean saritu beharrekoa aukeratzeko prozesuan. Lehenengo txandan, 197 kidek gogokoen izan zuten liburuaren alde bozkatu zuten. Saridun izateko beharrezkoa zen boto kopurua (jasotako boto guztien %30) gainditu ez zenez, akademiak ohiko prozedura jarraitu eta beste bi bozketa egin ditu.

Agirreren liburua eta Ramon Saizarbitoriaren Lili eta biok geratu ziren finalista eta, esan bezala, Atertu arte itxaronek irabazi du.

"Bidaia baterako gonbitea" da nobela Amaia Alvarez Uria ARGIAko kritikariaren ustez. Iazko uztailean Agirreren lanari buruz publikatu zuen kritikan nabarmendu zuen nobelak bi planoren artean egiten duen txandakatzea eta proposatzen duen testu arteko bidaia. Road movie modukoa baita Atertu arte itxaron: Ulia izeneko pertsonaiak bikotekideari bere sorterria erakusteko egindako bidaia du erdigune.

Maiatzaren 5ean emango diote saria Agirreri Andoaingo Bastero kulturgunean. 19:30ean izango da sari-banaketa.