Iruñeko Zaldiko Maldiko Elkartean eta Baigorriko Bixentainean aurkeztu da aurtengo Nafarroaren Eguna, egun berean. Ohi bezala, apirileko azken igandearekin bat egingo da festa Baigorrin, eta horrez gain, apirilean hainbat ekitaldi egingo dira eskualdean.
Basaizea elkarteko kideek gogora ekarri dute 1979an ospatu zela lehen Nafarroaren Eguna eta aipatu dute harrez geroztik gauza anitz aldatu dela, baina "gure aldarrikapen katea, nahiz eta denboran zehar aldatzen den, ez da sekula moztu".
Indibidualismoa zabaldu nahi dutela azpimarratu dute eta "gure arteko kateak hautsi, baina guk erasoen kontra batzeko deia egiten dugu, elkartasun kateak lotuz". Euskararen kateek ere "nehoiz baino indar handiagoa" behar dute; eta lurrak ere sufritzen du, "geroz eta zentimetro karratu amankomun gutxiago eta jabetza pribatu gehiago kateatzeko asmoz".
Lehen eta orain euskarazko ekitaldien eskaintza du helburu nagusi Nafarroaren Egunak, azaldu dute antolatzaileek, eta horren kari, apirilaren 6tik aurrera hainbat ekitaldi antolatu dituzte: "Euskaraz bizi nahi badugu horrelako ekitaldiak beharrezkoak dira".
Apirilaren 6an, 17:00etan, Bil Etxean, Ninini Antton Telleriaren komedia ikuskizuna ikusi ahal izango da.
Apirilaren 11, 19:00etan, Aldudeko liburutegian, Ura ez baita beti gardena liburuaren aurkezpena, liburuaren egile Xabi Lasarekin batera.
Apirilaren 18an, Baigorrin, oraindik finkatu gabeko ordu eta lekuan: Odei eta Ziztada & Rlantz-en kontzertuak.
Apirilaren 26an, 20:30ean, Bil Etxean, Baigorrin, Xiberoa kantuz loraturik emanaldia. Ondotik gaualdia ikastolan Arrano Band taldearekin.
Apirilaren 30ean, 19:00etan, Beheko Bentan, Izpegin, Anariren kontzertua, Xabi Etcheverriren laguntzarekin.
Apirilaren 27an, Nafarroaren Eguna Baigorrin, ekitaldi oparoarekin. Beheko afixan ikus daiteke eguneko egitarau osoa: