argia.eus
INPRIMATU
Maria-Jose Azurmendi, Manuel Lekuona Saria
“Katedradun izateko babesa izan nuen, baina ez gizonezko gehiengoarena”
ARGIA @argia 2019ko martxoaren 14a
Argazkia: Dani Blanco.

Filologia Erromanikoa ikasketak Madrilen egina, Beasaingo Lizeoko zuzendari zen 1968an Azurmendi. Ondoren, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako EUTGn jardun zuen irakasle. 1983an EHUko Psikologia fakultatean hasi zen, 2011n erretiratu zen arte. Emakume aitzindari izan da ikastolako zuzendarietan, euskara dekanordeetan, katedradunetan eta Psikosoziolinguistikan. Donostiako Bagera Euskara Elkartearen omenaldia jasoa.

Emakume izatea, traba

"Zure aitzindari izaera goraipatu du Eusko Ikaskuntzak, besteak beste, unibertsitatean katedradun izatera iritsi den lehen emakumeetarik bat zarelako", zioen Miel A. Elustondo kazetariak, elkarrizketaren hondarrean: "Emakume izatea lagungarri izan duzu, traba?"

"Lagundu ez, traba izan dut!", erantzun zion Azurmendik: "Nire garaian gizonezkoak ziren denak, gehienak, unibertsitatean. Dena nekezagoa zen guretzat. Katedraduna naizela esan duzu, eta egia da, baina garai hartan gizonezkoek zuten lehentasuna, katedradun izendatuak izateko ere. Gure fakultatean, hirugarren katedraduna izan nintzen. Lehen biak, gizonezkoak izan ziren. Hirugarrena ere gizonezkoa nahi zuten. Neu izan naiz Psikologia fakultateko lehenbiziko katedradun emakumezkoa. Katedradun izateko babesa izan nuen, baina ez gizonezko gehiengoarena. Hala ere, curriculum handiena eta hobea nuen. Egoera hori ere bizi izan dut".

Elebitasuna / eleaniztasuna

"Elebidun nahiz eleaniztun izan gintezke gu, norbanakoak, baina gizartea, ez", Azurmendiren hitzetan: 1980an Quebecen izan nintzen, Laval Unibertsitatean, William MacKeyrekin, [nazioarteko soziolinguistikan sona handienekoa duen pertsona] eta horixe esaten zuen berak. Gizarte mailako elebitasuna posible izatekotan, hizkuntza bakoitzak bere lurralde eremua behar du, eta lurralde eremu horretan hizkuntza ofizial bakarra izan. (...) Euskal Herrira etorri eta MacKey harrituta zegoen, hain zapalduta egonda ere, euskarak gure artean zuen indarra ikusita. Munduan horrelakorik ez zuela inon ikusi zioen. (...) MacKeyk garbi esaten zuen, gizarte mailako elebitasun orekaturik ez dugu inoiz ezagutu, hizkuntza batek bere lurralde jakina behar du. Pertsonok bai, jakin ditzakegu hizkuntza bat, eta bi, eta hiru, eta asko, baina lurralde zehatz batek hizkuntza zehatz bat behar du. Gizarteak bakarrarekin funtzionatuko du, ez birekin.

Euskaraz, gero eta gutxiago

"Garai batean izan genuen Donostian kanpaina bat, 'lehenengo hitza euskaraz'. Orain ere martxan jarri beharko genuke", dio soziolingusitak: "Dendara joan, eta gaztelaniaz. Zergatik, ordea? Baliteke aurrean dugun dendariak euskaraz jakitea. Orain dela urte batzuk egiten nuen, Parte Zaharrera joan, tabernara sartu eta euskaraz eskatu. Euskaraz erantzuten ez bazuten, agur!, beste batera joaten nintzen. (...) Gero eta euskaldun gutxiago dago Donostiako Parte Zaharreko tabernetan ere. Garai batean, Parte zaharrera joan eta jan, edan, hitz egin, kantatu... dena egiten genuen. Orain, ez. Lehenengo hitza euskaraz egin behar dugu, leku guztietan euskaraz dakien bat jarri behar dute; bat, gutxienez".

 

Elkarrizketa osoa: "Katedradun izateko babesa izan nuen, baina ez gizonezko gehiengoarena".