Kale Nagusiko 54. zenbakian dagoen XVIII. mendeko eraikina eskuratu dute, egun Katakraken liburu-denda dagoen ondoan. “Eraikin honetan ez da egongo hostelik, ez luxuzko hotelik, ezta inguruko auzokideek ordaindu ezingo luketen etxebizitzarik ere, hemen hiri-lurra eraikiko dugu”, adierazi dute asteazken goizean erosketaren berri eman dutenean.
Katakrak liburu-dendak eta Koop57 finantza kooperatibak eraikin oso bat erosi dute Iruñeko Kale Nagusian, 54. zenbakian. Denera 1.500 metro koadroko azalera osatzen duten hainbat solairu ditu etxeak eta horren barruan dago ia 500 metro koadroko patio bat ere. Higiezina Katakrak liburu-denda kokatzen den eraikinaren ondoan dago eta, bata zein bestea, Huarte-Solchaga sendiarenak izan ziren hamarkada luzez.
Asteazken honetan egindako jendaurreko aurkezpenean azaldu dutenez, 2023ko udazkenean erosi zuten XVIII. mende hasierako eraikina, eta horretarako funtsezkoa izan da Katakraken “gaitasun diplomatikoa”, Koop57ko bazkide kooperatibisten “gaitasun finantzario kolektiboa” eta Euskal Herrian sendo dagoen interkooperazio sarea.
Denera 1.500 metro koadroko azalera osatzen duten hainbat solairu ditu etxeak eta horren barruan dago ia 500 metro koadroko patio bat ere
Eraikina erosi dute “higiezinen gaineko espekulazioa askatu eta hiriko lurrak askatzeko”. Ezinbesteko ikusi dute Iruñean jasaten duten turismoaren presioa geraraztea, “metro koadro batzuetan behintzat”. Izan ere, ziurtatu dute aurreko erosleen asmoa pisu turistikoak eta luxuzko etxeak eraikitzea zela: “Honezkero kolpatutako auzo bat gehiago desjabetzea”.
Oraindik ez dute argitu zer funtzio emango dioten eraikinari, baina bai zertarako ez den izango: “Eraikin honetan ez da egongo hostelik, ez luxuzko hotelik, ezta inguruko auzokideek ordaindu ezingo luketen etxebizitzarik ere, hemen hiri-lurra eraikiko dugu”. Hala, hilabete luzetako lan eta negoziazioen ondoren, Iruñearen bihotzean dagoen etxe historikoaren etorkizunak beste norabide bat hartuko du.
Ziurtatu dute aurreko erosleen asmoa pisu turistikoak eta luxuzko etxeak eraikitzea zela: “Honezkero kolpatutako auzo bat gehiago desjabetzea”.
Finantza etikoak eta enpresa politiko asanblearioa
Koop57k finantza zerbitzu etiko eta solidarioak ditu helburu, ekonomia sozial eraldatzailearen ildoan. Herri aurrezkien bidez proiektu sozialerako kredituak eskaintzen ditu, “gaur hona ekarri gaituen proiektua bezalakoak”, azaldu dute. Jadanik 328 bazkide dauzka Euskal Herrian, baina “gero eta gehiago” izateko asmoa erakutsi dute.
Katakrak, berriz, “enpresa politiko” gisa definitzen dute, langile kooperatiba batek eta asanblada batek gidaturik, eta 350 bazkide baino gehiagoren babes ekonomikoa dauka. Liburu-dendak 2013an ireki zituen ateak eta hamar urteotan Iruñean funts handiena duen liburu-denda bihurtu da, 22.000 alerekin. Horrez gain, balio sozioekologiko jasangarriekin funtzionatzen duen kantina ere badu eta liburuak argitaratzen ditu, euskaraz eta gazteleraz.