argia.eus
INPRIMATU
Kataluniarentzat erabakigarrienak izango diren hauteskundeen kanpaina hasi da
  • Bart gauean hasi da azaroaren 25ean izango diren bozetarako kanpaina. Analista guztiak bat datoz: Kataluniarentzat orain arteko hauteskunde erabakigarrienak izango dira. Artur Mas presidenteak gehiengoa eskatu du independentziaren bidean. Navarrok (PSC) berriz CiU eta PPri bozka ematea murrizketak bultzatzea dela esan du.

2012ko azaroaren 09a
Lortuko al du CiUk Masek gura duen gehiengoa?

Artur Masek gehiengo osoa nahi du, Kataluniak nahi duena katalanek erabaki ahal izateko eta ez Espainiako Gorte Nagusiek, Auzitegi Konstituzionalak edo Ministroen Kontseiluak. Indarra behar zutela aldarrikatu zuen espainiar estatuan PPk duen gehiengo osoarekin amaitu eta “Kataluniaren kasua nazioartean jakitera eman ahal izateko”. Aurreko hauteskundeetan bozka berari eman ez dioten katalanengan ere zuzendu zitzaion, herriaren interesak, alderdiaren interesen aurretik jarriko dituela jakinaraziz.

Kataluniako Alderdi Sozialistako (PSC) hautagaia, Pere Navarrok Terrasan eginiko mitinean esan zuen PPri eta CiUri emandako botoek “murrizketak ekarriko" dituztela eta "Katalanen aurkako murrizketak" izango direla. Ehundaka pertsonen aurrean berriro ere esan du Artur Masen independentzia nahia, orain arte eginiko akatsak ezkutatzeko gortina bat besterik ez dela esan du Navarrok. Federalismoan ikusten du Kataluniarentzat aukerarik hoberena. Sozialistek “harro” egon behar dutela esan zuen eta “azaroaren 25eko bozketak irabaztea nahi dutela. 

Oriol Junqueras Esquerra Republicana de Catalunyako (ERC) hautagaiak “ilusio” handiz ekin diola esan du “bigarren indarra izan bai gaitezkeelako”. “Herrialde berri bat eraiki nahi dugu non guk hartuko ditugun gure etorkizunaren gaineko erabakiak”.

Alicia Sanchez Camacho Alderdi Popularreko (PPC) hautagaiak “gehiengo ixila”-ri dei egin die, Katalunia espainiar estatuaren barruan geratzea nahi duten guztiei, CiUk “indar guztiekin” bultzatuko baitu independentzia proposamena. Proposamen honi aurre egiteko bere alderdia ikusten du indartsuen PSC “nahasita dago”.

Solidaritat Catalana per la Independència (SI) hautagai den Alfons Lópezek kanpaina irekitzeko mintzaldian CiU eta ERC kritikatu zituen. Katalunia 2014an estatu izan dadin borrokaegiteko garaian “ez lukeela zalantzarik izango”. Halaber Erreferenduma egin beharra dagoela dio estatu espainiarrak onartu edo ez.

Candidatura d'Unitat Popular (CUP) alderdiko militante elkartu ziren bart gauean Bartzelonan beraien kartelak jartzeko. David Fernandez hautagaiak eta Isabel Vallet laugarrenak Caixako bulegoetan jarri dute lehen kartela. Protesta gisa jarri dituzte kartel hauek, izan ere bankuak erreskatatzearen ondorioz zerbitzu publikoetan eta giza eskubideetan izan direlako murrizketak.