argia.eus
INPRIMATU
Kataluniaren erreskateak autonomiaren “erabateko interbentzioa” ekar dezake
  • Bost mila milioi euroko erreskatea eskatu zuen atzo Kataluniako Generalitateak. Erakunde autonomikoaren bozeramaile Francesc Homs-ek atzo adierazi zuen erreskateak ez dizkiola Kataluniari baldintza ekonomiko eta politiko estuagoak ekarriko baina denek ez dute iritzi bera. Elisenda Paluzie Bartzelonako Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa fakultateko dekanoak VilaWeb atariari adierazi dionez, autonomiaren "erabateko interbentzioa" ekarriko du erreskateak.

2012ko abuztuaren 29a
Francesc Homs, Generalitateko bozeramailea, atzo erreskate eskaria iragartzen.

"[Erreskatearen] lehenbiziko urratsa da, estatuak teknikari talde bat edo Ogasun Ministerioko inspektoreak bidaltzen dituela". Paluziek azaldu duenez, Espainiako Gobernuak bidaliko lituzkeen teknikari horiek esku hartzeko ahalmen handia izango dute: "Diru-sarrera edo gastuei buruzko edozein datu eska dezakete, eta astebeteko tartean neurriak eskatu. Ez baldin badira neurri horiek abiarazten (adibidez, 100 milioi euro murriztea TV3ren aurrekontuan edo Industria Sailean), estatuko gobernuak, Espainiako Senatuaren baimenarekin, zuzenean jar ditzake abian berehala".

Horrek Kataluniaren autonomia erabat interbenituko dutela esan nahi ote duen galdetuta, Paluziek baietz dio. "Estatuko gobernua hasiko da aginduak zuzenean ematen". Eta gogorarazi du erreskatea funtsean mailegu bat dela, "interesekin itzuli behar dena".

Autonomia erkidegoak jasoko dituen bost mila milioi euroek ez dutela laguntza handirik ekarriko uste du ekonomialariak. "Diru horiek ez da Generalitatearen sarrera gehigarria, zorra dira eta balantzean zor gisa agertuko da. Ez da murrizketa gutxiago aplikatzeko aukera ematen dizun sarrera bat, mailegu bat delako eta kito".

Erreskatearen mekanismoa "maltzurra" esan du Paluziek azkenik, "Gereralitateak interesak ordainduko dizkiolako mailegu batengatik, kataluniarrek ordaindutako zergen dirua daukan norbaiti".