Espainiako Diputatuen Kongresuan apirilaren 8an egingo dute Kataluniaren erabakitzeko eskubideari buruzko eztabaida.
Espainiako Gobernuak prozesua azkartu nahi izan du eta Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak Soraya Saenz de Satamaria Espainiako presidenteordearen proposamena onartu du: apirilaren 8ra aurreratuko dute eztabaida.
CiU, EAJ eta UPyDk bat egin dute erabakiarekin, hiru alderdiek gaiarekiko jarrera guztiz desberdina badute ere.
Ia indar politiko guztiek jada argitu dute Kataluniaren erabakitze eskubidearen inguruan duten jarrera. Alderdiek, ordea, ia hartuta dagoen erabakia (PPk kongresuan daukan gehiengo osoak tarte gutxi uzten du eztabaidarako) ofizial egiteko interesa dute.
Eztabaidak ikusmin handia sortu du eta legegintzaldiko saio garrantzitsuenetako bat izango dela espero da.
Europako bozetara begira
Kongresuko eztabaida irailaren bueltan egitea zegoen aurreikusia, baina bost hilabete lehenago egingo da. Europako Hauteskundeen atarian, hain juxtu.
Alderdiek eztabaida horri probetxua atera eta bakoitzak bere jarrerak indartuta, Europako bozetan eragina izateko baliatu dezakete.