argia.eus
INPRIMATU
Kataluniaren aldeko manifestaziora deitu du EH Baik larunbatean Baionan
  • Kataluniako herria jasaten ari den errepresioaren aurkako eta erabakitzeko eskubidearen aldeko manifestazioa egongo da larunbatean Baionan. Euskal herritarrei dei egin diete “Espainiaren jarreraren kontra asaldatzeko eta kataluniar herriari sostengua adierazteko”. Arratsaldeko 16:00etan hasiko da manifestazioa, Euskaldunen plazan.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2017ko azaroaren 14a

Arduradun politiko, hautetsi, militante nahiz mugimendu sozialetako kideei ere dei egin diete, “oinarrizko eskubideak defenda” ditzaten: “Adierazpen askatasunaren alde eta herrien erabakitzeko eskubidearen alde mobilizatu behar gara”.

EH Baik adierazi duenez, “Madrilek etapa berri bat gainditu du errepresioaren bidean; Espainiako Gobernuak errepresioaren hautua egin du, eztabaidari uko eginez, indarkeria eta tresna antidemokratikoak baliatuz”. Europar komunitatearen isiltasuna ere adierazgarria dela diote.