argia.eus
INPRIMATU
Katalunian murgiltze ereduari eutsiko diote, Auzitegi Nagusiaren erasoak eraso
  • Hamabost egunetan, Kataluniako eskolek ikastorduen %25 gaztelaniaz eman behar dutela agindu dute epaileek. Helegitea jarriko duela iragarri du Generalitateak eta irakasleei esan die orain arte bezala jarraitzeko. “Ebazpen aberrantea da pedagogikoki eta juridikoki”.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 10a
flickr

Katalunian egonkortuta dagoen eta bai sozialki bai politikoki adostasun zabala duen murgiltze ereduak eraso berria jaso du: hamabost egun eman ditu Kataluniako Auzitegi Nagusiak, ikastetxe guztietan ikastorduen %25 gaztelaniaz izateko agindua betearazteko. Helegitea jarriko duela erantzun du Generalitateak; bost egun ditu horretarako. Zaplaztekoaren aurrean, adostasun politiko, sozial eta pedagogikorik zabalena eskatu du Hezkuntza kontseilariak.

Ikastetxeei lasaitasun mezua helarazi nahi izan die kontseilariak, ezer ez aldatzeko eskatuz. Auzitegia bere eskumenetatik harago joan dela eta ebazpen "aberrantea" eman duela gehitu du. Areago, Generalitatea prestatzen ari den dekretu berriaren bidez, eskoletan katalanak presentzia handiagoa izango duela azaldu du kontseilariak, “hizkuntzak ikastea ez baita portzentaje kontua, pedagogia kontua baizik, eta helburua da Bigarren Hezkuntza bukatzean ikasleek katalana, gaztelania eta ingelesa hizkuntzen ezagutza nahikoa izatea”.

“Nahikoa da, utzi hezkuntza judizializatzeari”

Ildo berean hitz egin du Pere Aragonès Generalitateko presidenteak. Kataluniako eskoletako hizkuntza eredua defendatzeko batasuna eskatu du, eta garbi utzi nahi izan du eredu hori defendatzen duten eskoletako zuzendaritzak babestuko dituztela. Murgiltze eredua “pedagogikoki eraginkorra eta sozialki integratzailea dela frogatuta dago. Nahikoa da, utzi hezkuntza judizializatzeari”.