argia.eus
INPRIMATU
Katalunian infiltratutako poliziari enbaxada batean lanpostua esleitu dio Espainiako Barne Ministerioak
  • Espainiako Barne Ministerioak Kataluniatik kanpora lekualdatu du hiru urtez herri mugimenduan infiltratuta egon den polizia agentea. Babes neurri gisa bakarrik ez, sari gisa ere gauzatu da lekualdaketa. Izan ere, infiltratutako agenteari Espainiaren enbaxada batean esleitu diote lanpostua. Enbaxadaren arabera, lan horregatik ordaintzen den hileko soldata gutxienez 10.000 eurokoa izaten da, eta 20.000 eurokoa izatera iritsi daiteke.

ARGIA @argia 2023ko otsailaren 06a
Hiru urtez infiltratuta egondako polizia agentea. Ezkerretara Espainiako Poliziaren uniformea jantzita, eta eskuinetara militante gisa mozorrotuta. Argazkiak: La Directa.

Urtarrilaren 30ean eman zuen argitara La Directak Espainiako Poliziaren infiltrazio baten berri. Daniel Hernàndez Pons izen faltsua zerabilen mallorcarra 2019ko ekainean graduatu zen polizia gisa, eta urtebeteren ostean, 2020ko ekainean, hasi zuen infiltratu lana Bartzelonako inguru politiko ezkertiarrean. Sant Andreu auzoko La Cinetika zentro sozial okupatutik abiatu zuen infiltrazio prozesua, hango gimnasiora joaten hasi baitzen. Behin hanka bat herri mugimenduan sartuta, harremanak baliatu zituen bere irismena jende eta espazio gehiagorengana zabaltzeko. Bereziki emakumeekin eratutako harreman sexu-afektiboak baliatu zituen helburu horrekin, eta horregatik kereila kriminala aurkeztu dute berarekin harremana izan duten bost emakumek; sexu abusuak, osotasun moralaren aurkako delituak, eskubide zibilen urraketak eta sekretuak ezagutaraztea leporatzen dizkiote, besteren artean.

Kasuak hautsak harrotu ditu ezagutzera emandakoan. Otsailaren 4an manifestazioa egin zuten Bartzelonan Espainiako Gobernuaren espioitza gaitzesteko, eta egun batzuk lehenago Fernándo Grande-Marlaska Barne Ministroari azalpenak eskatu zizkioten CUP, ERC, PDeCAT, Junts, EH Bildu eta BNG alderdiek. Ser kateak ostegunean jakitera eman zuenez, baina, Espainiako Barne Ministerioak abuztuan argitaratutako dokumentu ofizial batean Poliziaren infiltrazioak "zilegi eta beharrezkotzat" jotzen dira. Irizpide horretan oinarritua dirudi Espainiako Gobernuak infiltratutako poliziarekiko erakutsitako jarrerak; izan ere, saritu egin du polizia agentearen jarduna. Zehazki, Espainiaren enbaxada batean lanpostua esleitu dio, El Español hedabideak jakitera eman duenez.

Infiltratutako poliziaren egiazko identitatea ezagutzera eman ondotik, babes neurri gisa lekualdatu egin dute agentea, Kataluniatik kanpo. Lekualdaketak, ordea, saria ere ekarri du eskutik poliziarentzat; enbaxadako lanpostua, hain zuzen ere. Vilaweb hedabidean jasotzen denez, Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren agenteen partetik eskari gehien jasotzen dituen postua da enbaxadako poliziarena, gutxienez 10.000 eurokoa baita hileroko soldata. Enbaxadaren arabera, hileko soldata 20.000 euro artekoa izatera iritsi daiteke, arriskuaren edota distantziaren arabera.