argia.eus
INPRIMATU
Katalunian infiltratutako poliziaren NAN faltsuak PSOEren talde baten helbidea du
  • Palmako PSOEren talde baten helbidea dago lotuta Katalunian independentismo eta etxebizitza mugimenduetan infiltratu zen poliziaren NAN agiriarekin, Directa hedabideak jakitera eman duenez. Baleareetako hiriburuko PSOEren inguruko iturriek Directari ziurtatu diote "ez dutelako inolako harremanik pertsona horrekin" eta "erabateko ustekabekoa" agertu dute informazio honen aurrean.

ARGIA @argia 2022ko uztailaren 12a
Baleareetako Palmako PSOEren taldeetako baten egoitza da Katalunian infiltratutako poliziaren NAN faltsuan agertzen den helbidea. Argazkia: Directaren artxiboa.

Jesus Rodrìguez kazetariak Directa hedabidean azaldu duenez, Espainiako Poliziak I.J.E.G agenteari NAN faltsu baten bidez ematen zion "Marc Hernández Pons" izena, eta NAN horretan agertzen den helbidea Mallorcako Palmako Son Gibert kaleko 9. zenbakia da. Helbide hori bat dator Palma Iparraldeko PSIB-PSOE talde sozialistarenarekin. Hedabidea harremanetan jarri da helbide horretako alderdi sozialistarekin eta adierazpen hauek jaso ditu: "Ez dugu inolako harremanik pertsona honekin eta erabat harrituta gaude informazio honekin, ez diogu inolako azalpenik aurkitzen. Gainera, eraikin baten behealdea da hau eta ez da etxebizitza bat".

Gaia fiskaltzaren esku

Uztailaren 8an Kataluniako Gobernuak kasua Bartzelonako Fiskaltzaren esku jarri du. Generalitatearen ustez, agente honek hainbat delitu burutu ahal izango lituzke: dokumentuak faltsutzea eta nortasuna ordezkatzea, Bartzelonako Unibertsitatean matrikula egin baitzuen dokumentazio faltsuarekin. Directa hedabidea Espainiako Barne Ministerioko iturriekin harremanetan jarri zen ekainaren 7an, baina hauek ez zuten infiltratutako poliziari buruzko informaziorik eman, berretsi edo ezeztatu nahi izan. Fernando Grande Marlasko Barne ministroak "zurrumurru" eta "espekulazio" gisa izendatu du kasua.