argia.eus
INPRIMATU
Katalunian hondakin sanitarioak erraustea Estatuko Fiskal Nagusiaren aurrean salatuko dute
  • Mataró Terra Verda erakunde ekologistak Kataluniako Ingurumen Fiskaltzan eta Estatuko Fiskal Nagusiaren aurrean kereila kriminalak aurkeztuko ditu Mataroko erraustegian erretzen ari direlako hondakin sanitarioak, Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) jarraibideak urratuz.

Zero Zabor @zero_zabor 2020ko apirilaren 29a
Mataroko erraustegia, Katalunian. (Argazkia: El Punt-Avui)

Terra Verdek La Vanguardia egunkariari jakinarazi dionez, mota honetako hondakin sanitarioek (mantalak, eskularruak, maskarak) beren osagaietan plastiko kloratuak dauzkate proportzio handian eta horien hondakinek masa heterogeneoa osatzen dute eta honek errausterakoan "toxikotasun handiko kutsatzaile organiko iraunkorrak eta biometagarriak sortzen ditu". Hondakin horiek erraustea "dioxinen iturri nagusietako bat da", eta, beraz, OMEk arautzen duenez, hiri-hondakinena ez den beste prozesu bat izan behar du haren kudeaketak. Bestalde, Basileako hitzarmenak "hondakin horiek erretzea ez diren beste teknologiekin tratatzea gomendatzen du".

Aldiz, Generalitateak Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren jarraibideak betetzen dituela ziurtatu du: "Udal-instalazioetan hondakin sanitarioak erraustu ahal izatea Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren jarraibideetan aurreikusitako aukera bat da".

Mataroko erraustegira eramaten dituzte 30 ospitaletako hondakin sanitarioak, 400 tona inguru erraustu ditu bi astetan. Hondakin planta kudeatzen duen udal partzuergoaren arabera, araudiak gomendatzen du "Covid-19 izurriak kutsatutako hondakinak erraustera bideratzea lehentasunez, eta ohiko instalazioetan tratatu ezin diren infekziosoak erraustea". Eta Carles Salesa erraustegiko zuzendariak adierazi du, "material horiek ez dutela zerikusirik plastiko kloratuen proportzio handia daramatenekin" (PVC motakoak), neurri handi batean kutsatzaile organokloratuen aitzindariak direlako.

Ekologistek ohartarazi dutenez, ordea, duela bi hamarkada sortutako alarma errepikatzen da Maresme eskualdean: garai hartan ikerketa batek frogatu zuen Mataro eta Arenys de Mar herrietan jendeek odolean zeramaten dioxina mailak Europako zuzentarauak ezarritako muga 20 aldiz gainditzen zuela.

Duela aste batzuk, konfinamendu dekretuaren aurretik, Kataluniako Parlamentuak mozio bat onartu zuen errauste plantak itxi eta eraisteko plan bat idazteko, Terra Verdak gogorarazi duenez. Bestalde, diote, Estatuak hondakin sanitarioak erretzeko ezarritako arauak "larrialdietarako soilik sortu dira", eta, horregatik, ingurumenarekiko arriskuak kontuan hartuta, izatekotan horientzako errausketa berezitua egin beharko litzatekeela.

Ekologistek salatutako beste irregulartasunetako bat hondakin sanitarioen garraioan ari direnen lan-baldintzena da. Garraioan ari diren langileak "inolako prestakuntza espezifikorik eta arauzko ezagutzarik gabe" ari direla dio Terra Verdak eta kamioiak dabiltzala zer daramaten behar bezain garbi nabarmendu gabe eta higiene neurrien gabezia handiekin.

Mataroko errauste planta, Maresme eskualdeko udalei zerbitzua ematen diena, Veolia multinazional frantziarrak kudeatzen du.