argia.eus
INPRIMATU
Gomazko piloten erabilera debekatzea aztertzen ari dira Katalunian
  • Kataluniako barne-sailak istiluen kontrako estrategiaren inguruan gogoeta egingo du. Ramon Escadaler kontseilariak esan duenez, gomazko piloten erabilera bertan behera uztea erabakitzen badute, polizia eredu osoaren berrikustearen ondorio izango da. Gaur Kataluniako hedabideek jaso duten albistea da.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko otsailaren 12a
Kataluniako istiluen kontrako polizia gomazko pilotak jaurtitzen (Argazkia: Danny Caminal/elperiodico.com)

Barne-kontseilariak onartu du gomazko piloten aurkako giroa dagoela gizartean. Dena den, analisia orokorra izango dela azpimarratu nahi izan du, erabakia testuinguruan kokatu gabe hartzea “akatsa” bailitzake bere ustez. Escadalarrek muga bakarra jarri dio berraztertzeari: “Ordena publikoa ziurtatzea”. Gauzak horrela, ez dira egongo azaroaren 14ko greban begia galdu zuen emakumearen epaiketan zer gertatzen den ikusteko zain.

Parlamentuan osatuko den batzordeak dioena kontutan hartuko dutela azaldu du kontseilariak, nahiz eta ez duten “barne gogoeta geldituko” hortik ateratzen dituzten ondorioak jaso arte.

Bestetik, erizain batek Ester Quintanak begian jasandako lesioa gomazko pilota batek eragindakoa den tesia indartu du. Hark dioenez, ez zuen zikinkeriarik edo inolako arrastorik. Honek, kolpea garbia izan zela baieztatzen du, eta manifestatzaileek bota zitzaketen hainbat objektu baztertzen ditu.