Jordi Sánchezek eta Pere Aragonések azaldu dute akordioa, hurrengo egunetan bi alderdien oinarriek berretsi beharko dutena. Elkarrizketak luzatzeagatik barkamena eskatu dute bi buruzagiek, baina akordioa sendoa dela ziurtatu dute. Juntsek Aragonés presidente egingo luke oinarriak akordioaren aurka bozkatzekotan ere, baina ez litzateke gobernuan sartuko.
“Junts-en idazkari nagusi Jordi Sánchezen eta Esquerra Republicanako koordinatzaile nazional eta presidentetzarako hautagai Pere Aragonésen bi eguneko lanaren ostean, oinarrizko ituna adostea lortu dute bi alderdiek asteburu honetan”. Goizeko 8etan iragarri dute ERCk eta JxCatek gobernua osatzeko eta Aragones presidente egiteko akordioa erdietsi dutela, ohar bateratu batean. Eguerdian, bi buruzagiek agerraldia egin dute elkarrekin.
Aragonések zein Sánchezek, biek eskatu dute barkamena Junts eta ERCren arteko elkarrizketak horrenbeste luzatzeagatik. Hiru hilabete dira hauteskundeak egin zirela, une batzuetan elkarrizketak haustear egon direla esan izan da, eta azken egunetan hauteskunde berriak deitzeko aukeraz ere hitz egin da Katalunian. Baina biek adierazi dute ere akordioa sendoa dela.
“Politika aurrerakoiekin konprometitutako gehiengo independentistako gobernu bat izango dugu, zeinak jendearen eta nazioaren alde lan egingo duen, eta presoen amnistia eta autodeterminazio eskubidea izango dituen lehentasun” adierazi du Aragonések, gobernua “sendoa” izango dela ziurtatuz. “Betikoak esaten arituko dira gobernu honek huts egingo duela, baina oker daude, eta legealdi honen amaieran frogatuko dugu”, adierazi du Sánchezek ildo beretik. Akordioak independentismoaren “ikuspegi nagusiak” elkarlanean aritzea ahalbidetzen du, Juntseko idazkari nagusiaren hitzetan. Erbesteratuak eta espetxeratuak hartu ditu gogoan, eta gatazka politikoa konpontzeko konpromisoa adierazi du. Aragonések eta Sánchezek CUPekin batera lan egiten jarraituko dutela iragarri dute ere
CUPen papera
Akordioarekin pozik agertu da Carles Riera CUPeko diputatua, eta Junts eta ERCk lortutako akordioan bere alderdiaren ekarpena azpimarratu nahi izan du –iragan astean, tentsio handieneko egunetan, ERC eta Junts CUPen ekimenez eseri ziren mahai berean berriz ere–: “Zer edo zertan lagundu dugu”. CUP gaur gaurkoz gobernuan sartzeko aukera baztertu du Rierak, hainbat arlotan desadostasunak handiegiak direla argudiatuta. Aldi berean, CUPek ERCrekin adostutako neurriak ez ditzatela baztertu eskatu du. "Autodeterminazio eskubidea legegintzaldi honetan praktikatzeko prestatu behar gara", adierazi du. Aurreko astean ERC eta Catalunya en Comu-ren arteko akordioa egon zitekeela zabaldu bazen, gaur alderdiko kide Joan Menak “emandako hitza urratu” izana leporatu dio ERCri, eta iragarri du gobernu berriak ez duela legegintzaldia amaituko. Hauteskunde osteko egunetik indar independentisten gobernu baten alde presioa egin duen ANCk poza agertu du akordioagatik, baina independentziaren aldeko politika argiak eskatu ditu: “Independentismoaren aurkako errepresioa etengabekoa da. Ekimen politikoa berreskuratu behar dugu”.
Militanteen berrespena eta sailen banaketa
Buruzagiek lortutako akordioa alderdi bakoitzaren oinarriek onartu behar dituzte orain, hurrengo egunetan gertatzea espero dena. Dena den, Sánchezek azaldu du Juntsen oinarriek akordioaren aurka egitekotan, Aragones Generalitate izendatzearen alde bozkatuko luketela alderdiko diputatuek, gobernuan sartu gabe bada ere.
Generalitateko sailen banaketari dagokionez, ERCren eskuetan egongo dira: Barne Saila; Kultura; Hezkuntza; Enpresa eta Enplegua; Feminismoak eta berdintasuna; eta Akzio Klimatikoa, Nekazaritza eta Elikadura sailak. Juntsek zuzenduko ditu, aldiz: Ekonomia eta Ogasuna; Azpiegiturak, hirigintza Agenda eta Digitalizazioa; Eskubide Sozialak; Ikerketa eta Unibertsitateak; Justizia; eta Kanpo Politika eta Gardentasuna.