Ziurtagiriak ez du saihesten omikronen transmisioa; horixe baieztatu du zientzialari talde batek, Generalitateak eskatutako txosten batean. Bestalde, Danimarkan bertan behera utziko dituzte COVID-19ari aurre egiteko neurri guztiak otsaila hasterakoan. Nahiz eta kutsatze kopurua inoizko altuena izan, gobernuak ondorioztatu du omikron ez dela hain arriskutsua.
Generalitateak aurreratu zuen bezala, Kataluniak Kantabriaren bide bera hartu du: COVID-19 pasaportearen derrigortasuna kendu dute.Gaurtik aurrera, hau da, urtarrilaren 27tik aurrera ez da ziurtagiririk beharko tabernatara, jatetxetara, gimnasiotara eta adinekoen egoitzetara sartzeko.
Generalitateak asteazken iluntzean jakinarazi du zientzialari talde bati eskatutako ikerketak erakutsi duela COVID pasaporteak ez duela eraginkortasunik omikron aldaeraren aurrean, txertatutakoak zein gaixotasuna pasatutakoak berriro kutsatu daitezkeelako. Halaber, ostiraletik aurrera neurri murriztaile nagusiak ezeztatuko dituzte: ez da egongo edukiera eta ordutegi mugarik, ezta elkartzeko gehienezko pertsona kopururik ere. Ordea, gaueko aisialdirako tokiak itxita mantenduko dituzte.
Danimarkan, pandemia amaitutzat
Otsaila hastearekin batera, COVID-19ari aurre egiteko neurri oro bertan behera geratuko da Danimarkan. Ez da maskararik erabili beharko inon, diskotekak irekiko dituzte, eta bestelako neurri murriztaile guztiak kenduko dituzte, bizitza kulturalean zein sozialean. Omikron aldaera hain arriskutsua ez dela ondorioztatu du gobernuak, eta nabarmendu du herritarren gehiengoa immunizatuta dagoela.
Mette Frederiksen lehen ministroak “mugarritzat” jo du erabakia, eta argitu du gobernuari babesa eman diola pandemia hasieratik dagoen zientzialarien aholkulari batzordeak. Danimarkan kutsatze zifrak altuak dira, eta azken hilabete eta erdian COVIDak eragindako heriotzak ugaritu dira, baina Europako heriotza-tasarik baxuenetakoa du –100.000 biztanleko 63–. Frederiksenek onartu du “paradoxikoa” irudi lezakeela egoera horretan neurriak ezeztatzeak, baina azpimarratu du "zifrarik garrantzitsuenetako bat" dela gaixo larrien zifra, eta horrek beherantz egin duela.
Hiru fasetan aurreikusi dute trantsizioa, eta aitortu dute datorren neguan “seguruenik” herritarren gehiengoa berriz txertatu beharko dela.