argia.eus
INPRIMATU
Katalunian “errege espainiarra inpunitatez paseatzea” galerazten saiatuko dira ostiralean
  • Uztailaren 17rako giza-kateekin Bartzelonako leku esanguratsuenak babesteko deia egin dute Herrialde Katalanetako gizarte eragileek eta alderdi politikoek, Espainiako errege Felipe VI.aren bisitagatik protesta eginez. Erregea autonomia erkidego guztietara bisitak egiten ari da pandemia osteko bira honetan, eta uztaila bukatzerako Nafarroara eta EAEra ere etorriko dela espero da, baina hitzordu horiek oraingoz ezkutukoak dira.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 15
Argazkia: @cupnacional. Argazkia: @cupnacional.

Vilaweb hedabideak emandako informazioaren arabera, Familia Santuaren tenplu aurrean prentsaurrekoa eman dute uztailaren 14an protesta ekintzen deitzaileek. Katedrale hau izango da giza-kateak inguratuko dutenetako bat, baina gehiago ere badituzte aurreikusiak: Colon-en eskultura edo Barcelonetako hondartza, esaterako. Protestaren deitzaileak dira, besteak beste, Òmnium Cultural, ANC, ERC, JxCat eta CUP.

"Usteldutako monarkia ilun eta zapaltzaile hau ez da ongi-etorria Katalunian"

Òmnium Culturaleko lehendakari-orde Marcel Maurik adierazpen hauek egin ditu prentsaurrekoan: "Kataluniak ez du erregerik", eta dei egin du herritarrek kalean garbi utzi dezaten "usteldutako monarkia ilun eta zapaltzaile hau ez dela ongi-etorria Katalunian". Iragarri du hainbat ekintza egingo dituztela Katalunian barna, "errege espainiarrak inpunitatez paseatzea galerazteko".

Erregearen urriaren 3ko diskurtsoa gogoan

Maurik azpimarratu du katalan herritarrek ez dutela ahaztu urriaren 1eko indarkeria, ezta erregearen urriaren 3ko "diskurtso penagarria" ere. Manifestuaren sinatzaileek salatzen dute Borboien ondasunen jatorria ikertzeko edozein saiakerak betoa jasotzen duela "estatu sekretua delako, estatuaren botereek eta 78ko erregimenaren oinordeko alderdiek babesten dutena".