argia.eus
INPRIMATU
Katalunian ere atez ateko sistema non, birziklapen tasarik handiena han
  • Kataluniak 2019an gaikako bilketaren kopurua handitu zuen. Zehazki, udal-hondakinen %44,8 jatorrian bereizi ziren, ia %9ko igoera aurreko urtearekin alderatuta. Euskal Herrian bezala, Katalunian ere birtziklatze daturik onenak atez ateko sistema duten herriek lortu dute.

Axier Lopez @axierL 2020ko abuztuaren 11
Atez ateko sistema Gironan. Argazkia: Residuos Profesional

Katalunian 2019an sortutako udal-hondakinen datuak argitaratu ditu Generalitateak uztailaren amaieran. Horien arabera, jatorrian bereizitako hondakinen kopurua %41,8tik %44,8ra pasa da, inoizko kopururik altuena, 1,8 milioi tona hondakin.

Berguedà (%68,82 gaikako bilketa) izan da birtziklapenaren rankingean lehen eskualdea Osonaren aurretik (%65,4). Arrazoia oso argia da: Llobregat ibaiaren ardatzean dauden herriek, eskualdeko populatuenek, atez ateko bilketa ezarri zuten 2018. urtearen amaieran. Bilakaera argia izan da: 2017an  42 eskualdeetatik 36. postuan zegoen Berqueda. 2018an 20. postura pasa zen eta 2019an lehen postura. Berguedá eskualdean atez ateko sistema darabilten 12 herrien birziklapen tasa %83koa da.

Ent elkarte eta fundazioak 2013an aztertu zutenez, atez ateko sistema erabilita udalerri katalanetan sortutako hondakinen batez besteko ehunekoa (biztanleriaren araberakoa) %15,3 jaisten da, ezarri eta berehala.

Kataluniako zenbait herritan atez ateko sistemak bi hamarkada baino gehiago egin du. Bartzelonako Tiana kasu:

 

Oro har, udalerrien araberako argazkia nabarmen hobetu da. 2018an 129 udalerrik gainditu zuten % 60ko muga, Europak ezarritako helburua. 12 hilabetetan kopuru hori ia bikoiztu egin da eta 224ra igo da. Gainera, beste 172 udalek egiaztatu dute hondakinen %50 eta %60 artean bereizten dituztela.

Txanponaren beste aldean daude oraindik errefusera zati birziklagarrien multzora baino hondakin gehiago bidaltzen duten 551 udalerriak.

Kataluniako Lurralde eta Jasangarritasun sailburu Damia Calvetek "funtsezkotzat" jo du tokiko erakundeen inplikazioa, eta ziur agertu da "ahalegin gehiago" beharrezko direla gaikako bilketa handitzeko. Eraginkorrak diren sistemak ezarri behar direla azpimarratu du, hala nola "atez atekoa, edukiontzi adimendunak, sortzearen araberako ordainketa-ereduak, baita merkataritzak eta zerbitzuek gaikako bilketa behar bezala egiten dutela ziurtatzea ere".