argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako xake partidak ez du etenik
  • Espero zitekeen bezala, Konstituzio Auzitegiak tramitera onartu du Espainiako Gobernuaren helegitea, eta bertan behera utzi du, behin-behinean, Kataluniako Parlamentuak irailaren 8an onartutako Trantsiziorako Legea, balizko estatu katalan baten egiturari forma juridikoa ematen diona. Bitartean, Kataluniako Fiskaltzak adierazi du Mossoek ere erreferenduma galarazteko beharra dutela, Espainiako polizien gisa berean.

ARGIA @argia 2017ko irailaren 12a
Mossoen lehentasuna \"hautetsontziak kentzea\" ez dela esan du Carles Puigdemontek, Kataluniako Fiskaltzak haiek ere urriaren 1eko erreferenduma galarazteko beharra daukatela esan eta gero.

Ordu batzuk aski izan ditu Espainiako Konstituzio Auzitegiak Kataluniako Trantsizio Legearen aurka Moncloak aurkeztu helegitea aintzat hartzeko. Hala, espainiar justiziari dagokionez baliogabetuta geratu da legea momentuz, hari buruz behin betiko ebazpena iritsi bitartean. Bai lege hori, bai aurretik bertan behera utzitako Erreferendumaren Legea, "1978tik Espainiako bizikidetzaren oinarri diren arauen aurka inoiz egindako mehatxurik handiena" direla esan du Espainiako Gobernuak.

Bestalde, Kataluniako Fiskaltzak urriaren 1eko erreferenduma galarazteko agindua berretsi die Guardia Zibilari, Polizia Nazionalari eta Kataluniako Mossoei; argi eta garbi hirugarrenei zuzendutako mezu igorri du, modu horretan. Hiru poliziek hautetsontzi eta boto-paperak bilatu eta atxiki, eta erreferenduma gauzatzeko lanean dabiltzan politikariei buruzko txostenak egiteko beharra dutela adierazi du Fiskaltzak. 

Horren aurrean, Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak esan du Mossoen lehentasuna ez dela hautetsontziak kentzea, baizik eta "herritarrak segurtasuna babestea bermatzea". Polizia katalana bakean utz dezatela eskatu du Puigdemontek.

Egunotan galtzak bete lan dabilen Fiskaltzak, poliziari aginduak emateaz gain, Kataluniako Auzitegi Nagusiak euren aurka jarritako kereilaren berri eman die Generalitatari, Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteari eta Parlamentuko mahaian Junts Pel Sík eta CUP dituzten ordezkariei. Erreferendumerako Legea tramitera onartzea leporatzen diete, Espainiako Konstituzio Auzitegiak kontrakoa agindu arren. Hala ere, mahaiko kideen aurka fiskaltzak eskatutako behin-behineko neurriak ez ditu oraingoz onartu Auzitegiak.