argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako telebista publikoko hainbat kate, ixteko arriskuan
  • Espainiako gobernuak Kataluniako telebista publikoaren kateen erdiak itxi nahi ditu. Gaur egun zortzi kate ditu telebistak.

Iera Aranburu @ieraran 2014ko maiatzaren 20a
Espainiako gobernuak Kataluniako telebista publikoaren kateen erdiak itxi nahi ditu. (Argazkia: Vilaweb)

Erabakia Kataluniako Generalitateko kontseilari Frances Homsek ohartarazi du. Proposamenak telebista publikoaren “funtzionamenduaren bete-betean eragingo diola”  salatu du, eta Valentzia eta Balear Uharteekiko elkarrekikotasuna bukatzeko arriskua ekarriko duela.

Kataluniako telebista publikoak bi multiplex ditu, eta neurriak horietako bat ixtea ekarriko luke. Multiplex bakoitzak lau telebista kate konbentzionalen seinaleak, bereizmen handiko bi seinale, ala bereizmen handiko seinale bat eta bi konbentzionalen seinaleak jaso ditzake. Gaur egun, multiplex batean bereizmen handiko kanala aurkitzen da, eta bestean TV3, kirol kanala, Super 3 eta 3/24 kanalak: “Bietako bat jada ezin izango dugu erabili”, salatu du Homsek.

Hilabeteetan negoziazio ahaleginak egin dituztela adierazi du Homsek: “Espainiako gobernuaren aldetik ez dugu jaso erantzunik ordea”. Neurria berretsiz gero, hainbat ondorio iragarri ditu kontseilariak: Bereizmen handian emititzeari uko egitea, Valentzian telebista kate berri bat jaio ahal izatea eta telebistan katalanaren presentzia gutxiagotzea.