Gorenaren hirugarren aretoak iritzia aldatu du eta indultuari jarritako helegiteak aztertzea erabaki du orain. PSCk “espero du” indultatuak espetxera ez bueltatzea, eta Carme Forcadellek adierazi du “edozer gauza” espero duela Gorenetik.
PP, Vox eta Ciudadanos alderdiek aurkeztu zituzten indultuen aurkako helegiteak, besteak beste. Hasiera batean Gorenaren hirugarren aretoak erabaki zuen tramitera ez onartzea, “zilegitasunik ez” zutela argudiatuta. Atzo ezagutu zen ebazpen berrian, aldiz, iritzia aldatu eta helegiteak aztertzea erabaki du epaitegiak.
Gorenak iritzia aldatu duen denbora tartean hirugarren aretoko bost epaileetatik bi berritu dituzte: aurretik hiru baziren ildo ‘kontserbadoreko’ epaileak eta bi ‘aurrerakoiak’, orain alderantziz da. Ebazpen berria aldeko hiru bozkarekin eta aurkako birekin onartu da, eta aurka egin duten bi epaileek boto partikularrak aurkeztu dituzte.
Erreakzioak Katalunian
Gorenaren erabakiak hainbat erreakzio piztu ditu Katalunian. PSCko bozeramaile Alicia Romerok adierazi du Espainiako Gobernua “lasai” dagoela, eta PSCk “espero duela” indultatuak espetxera ez bueltatzea.Carme Forcadellek Catalunya Ràdio-n hitz egin du. Azaldu du bere abokatuek ziurtatu diotela indultua ondo argudiatuta dagoela eta ez dagoela atzera egiterik, baina halere ez dela fio Gorenarekin: “[Gorenetik] Edozer gauza espero dugu eta horretarako arrazoiak ditugu, espero dugu atzera ez egitea, baina beti bizi gara Damoklesen ezpata gainean dugula. Errepresioak jarraitzen du gure borrokak jarraitzen duelako”.