argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako Podemosek dei egin du urriaren 1eko erreferendumean “era masiboan” parte hartzera
  • Youtuben jarritako bideo baten bidez, Kataluniako Podemoseko idazkari nagusi Albano Dante Fachinek esplikatu du zergatik babestuko duen bere alderdiak urriaren 1eko bozketa.

ARGIA @argia 2017ko irailaren 06a

“Baten bat agian harrituko da eta galdetuko du ea Kataluniako Podemosen independentista bihurtu garen”, dio Dante Fachinek bideoaren hasieran. “Ba ez. Kataluniako Podemos ez da alderdi independentista bat eta Podemosen gainontzekoek bezala, uste dugu Espainiako Estatuak aitortu behar dituela bere herriak berdintasunean, hori delako modu bakarra bat eginda jarraitzeko proiektu amankomun batean”.

PPri kritika egin dio, esanez Rajoyren alderdiak Espainiaren batasuna asko aipatu arren, indarrean jarri dituzten politikak kontrakoa eragiten ari direla. Eta baieztatu du Kataluniako biztanleen erdia independentista baldin bada, “baztertutako erradikal” batzuk direla esaten aritzeak ez duela zentzurik. “Normala da hain diagnostiko akasdunekin gizarte kataluniarrak sentitzea ez zaiela asko entzuten”, adierazi du Dante Fachinek.

“Urriaren 1eko erreferendumak dauzkan gabeziak gorabehera, Kataluniako Podemosen uste dugu ezinbestekoa dela jendea masiboki bozkatzera joatea. Ez da nahi dugun erreferenduma, baina nahi dugun erreferendum hori bakarrik iritsiko da jendea mobilizatzen bada, eta erakusten badu bukatu dela isildu eta obeditzearen garaia”, esan du, alderdiaren jarrera zertan oinarritzen den laburbilduz.

Behean ikus daiteke bideoa osorik: