Kataluniako Gobernuak bi galdeketa egingo ditu uztailaren 24an Pirinioetako herrietan, 2030eko Neguko Olinpiar Jokoen hautagaitzak daukan babesa neurtzeko. Kirol probak egingo diren herrietan galdera izango da: "Kataluniako Gobernuak aurkeztu beharko luke hautagai zerrenda, Joko Olinpiko eta Paralinpikoetarako?". Aldiz, Jokoen eragina zeharka nabarituko duten beste herri batzuetan, honakoa izango da: "Eskualdeak parte hartu behar du Joko Olinpiko eta Paralinpikoen proiektuan?".
Erantzun posibleak bi izango dira: "Bai" ala "Ez". Galdeketak presentzialak izango dira; ezingo da ez telematikoki ez posta bidez bozkatu. Pirinio Garaiko herriak daude lehen multzoan (55.000 lagun daude galdeketara deituak); eta Jokoek zeharka eragingo luketenen multzoan Ripolles, Solsones eta Bergueda (63.000 lagun).
Aurreneko kasuan, emaitza "politikoki loteslea" izango da, Laura Vilagra Generalitateko kontseilariak jakinarazi duenez. Bigarrenean emaitzak bereizturik ebaluatuko dira; eskualde bateko gehiengoak ezetz bozkatzen baldin badu, Gobernuak albo batera utziko du, Vilaweb.cat hedabideak azaldu duen moduan. "Bi galdeketa egitearekin, Gobernuak saihestuko du biztanleria handiagoa duten hiru eskualde horiek –ezezkoak bozka gehiago lor dezake bertan – hautagaitzari betoa jartzea", dio Vilawebek. "Baina, era berean, aintzat hartuko du Jokoen parte izan nahi duten ala ez".
"Pirinioek etorkizun hobea merezi dute, Batzelonaren jolas-parkea izatea baino"
2030eko Neguko Jokoetarako Bartzelona-Pirinioak hautagaitzaren harira, proiektuaren aurka agertu den Stop Jocs Olimpics plataformako kide Pau Lozanorekin mintzatu da Lukas Barandiaran ARGIAko kolaboratzailea. Aste honetako aldizkarian aurkituko duzue elkarrizketa. "Uste dugu Pirinioek Bartzelonaren jolas-parkea izatea baino etorkizun hobea merezi dutela, eta horren alde borrokatuko dugu, Jokoak egin ala ez", esan digu. "Jokoek mendikatea jolas-parke bihurtzeko prozesua bizkortuko besterik ez dute egingo. Guretzako momentu hau aukera bat da: historikoki oso bereizita egon diren Pirinioetako bailaretako bizilagunak eta borrokak elkartzea proiektu baten kontra, eta indar hori baliatzea gauzak aldatzeko".