Carme Forcadell eta gainerako lau subiranistak desgaitzea lortuko balu, Ciudadanos-en esku geldituko litzateke Parlamentuko zuzendaritza, eta José María Espejo Saavedra izango litzateke bertako presidente.
LLuís Corominas (PDECat/JxSí), Anna Simó (ERC/JxSí), Joan Josep Nuet (EUiA/CSQP) eta Ramona Barrufet (PDECat/JxSí) dira Espainiako Estatuko Abokatutzak desgaitu nahi dituen diputatuak. La Vanguardiak azaldu duenez, Konstituzio Auzitegiak asteartean emango die intzidentziaren berri, eta 20 egun izango dituzte alegazioak aurkezteko. Horiek onartuko ez badira, Carme Forcadellen termino berdinetan ikertuko dituzte.
Desobedientzia eta prebarikazioa da lau diputatuei egozten zaiena, Kataluniako Legebiltzarrean prozesu subiranistarako bide orria eztabaidatzea eta bozkatzea ez galarazteagatik.
Horrez gain, uztailaren 27an parlamentuan egindako bileraren akta eskatu du Espainiako Estatuko Abokatutzak. Independentziari buruzko eztabaida eta bozketa egitea babestu zuen parlamentuaren gehiengoak bilera horretan.