argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako Parlamentuak Felipe VI gaitzetsi eta Espainiako monarkia abolitzeko eskatu du
  • JxCat, ERC eta Catalunya En Comun-Podem taldeak ados jarri dira ostegunean eta Espainiako Errege Felipe VI gaitzesteaz gain, monarkiaren abolizioa eskatu du Kataluniako Parlamentuak.

ARGIA @argia 2018ko urriaren 12a
Felipe VI gaitzetsi eta Espainiako Monarkia abolitzeko eskatu du Kataluniako Parlamentuak.

Ondorengoek bozkatu dute alde: JxCat, ERC, Catalunya En Comun-Podem-ek. CUP abstenitu egin da. Ondorengoek aurka bozkatu dute: C's, PSC eta PP.

Proposamena, beraz, aldeko 69 botorekin aurrera atera da –JxCat-eko diputatu zigortuek ezin izan dute botatu, ezta ERCko Toni Comín-ek ere–, 57 aurka eta 4 abstentzio. El Nacional hedabideak CUPen iturriak aipatuz jaso du, alderdi ezkertiarra abstenitu egin dela idatziaren puntuetako batek elkarrizketari eta akordioari egiten zion aipamenagatik.

Kataluniako Parlamentuak, beraz, “arbuiatu eta gaitzetsi egiten du Felipe VI erregearen posizionamendua eta bere esku-hartzea Kataluniako gatazkan” eta “monarkia gisako erakunde zaharkitu eta antidemokratiko honen aboluzioa eskatzen du”.

Bigarren kolpean atera da aurrera proposamena. Osteguneko idatziaren aurretik, asteartean JxCat-ek egin zuen antzeko proposamena, baina soilik ERC eta CUPen babesa lortu zuen, eta JxCat-eko diputatu zigortuen botorik gabe, ez zuten nahikoa babesik lortu testua aurrera ateratzeko. Catalunya En Comun-eko diputatuak aurka kokatu ziren, proposamenaren barnean puntu batek “Catalunyako independentzia demokratikoki lortu eta gauzatzea” proposatzen zuelako.

Porrotaren eta kritiken ostean, CEC-k proposamen berri bat aurkeztu zuen, eta JxCat eta ERCren babesa lortu zuen –eta aurrez aipatu bezala, CUPena ez, elkarrizketari eta akordioari egiten zion erreferentziagatik–.

Jarraian Catalunya en Comun-Podem taldeko ordezkari Elisenda Alamanyren azalpena puntua proposatzean.