argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako Osasun kontseilariak erabateko konfinamendua apirila bukaera arte luzatzea eskatu du
  • Kataluniako Osasun kontseilaria den Alba Vergés-ek ziurtatu du "Katalunia koronabirusaz kutsatutakoen kurban puntu gorenera iristear dela" eta horregatik, konfinamendua orain lasaitzeak "arriskuan jartzen duela herritargoa eta osasun sistema". Bestalde, Kataluniako Gobernuko bozeramaile Meritxell Budó-k Sánchezen Gobernuari ohartarazpen hau egin dio: "Asteartetik aurrera lanean hastearen ondorioz Katalunian koronabirusaren berragerpen bat baldin badago, erantzuleak neurria hartu dutenak izango dira". Bere erabakia zein datutan oinarritu duen erakusteko exigitu dio.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 11
Kataluniako Osasun kontseilari Alba Vergés.

Kataluniako Gobernuko bozeramaile Meritxell Budó-k apirilaren 11n egin ditu adierazpen hauek, prentsaren aurrean: "Asteartetik aurrera lanean hastearen ondorioz Katalunian koronabirusaren berragerpen bat baldin badago, erantzuleak neurria hartu dutenak izango dira. Ez gaude deskonfinamendua bermeekin egiteko moduan". Bere erabakia zein datutan oinarritu duen erakusteko exigitu dio Espainiako presidente Pedro Sánchezi.

"Datu objektiboak, kontrastagarriak diren datuak, ezagutzea exigitzen dugu" adierazi du eta oroitarazi du kutsatu berrien kopurua gutxitzen badoa ere, kutsatutakoen kopurua oraindik altua dela. Elnacional hedabidean irakur daiteke agerraldiaz gehiago (katalaneraz).

Kataluniako Osasun kontseilariak apirila bukaerara arte erabateko konfinamenduari eusteko eskatu du

Villaweb hedabideak jaso duenez, Kataluniako Osasun kontseilaria den Alba Vergés-ek ziurtatu du "Katalunia koronabirusaz kutsatutakoen kurban puntu gorenera iristear dela" eta horregatik, konfinamendua orain lasaitzeak "arriskuan jartzen duela herritargoa eta osasun sistema". Vergések Espainiako Gobernuari eskatu dio erabateko konfinamendua hurrengo astean altxatzeko erabakia birpentsatu dezala. Egungo aurreikuspenak mantentzen badira, apirilaren bukaerarako konfinamendua arindu ahalko litzatekeela uste du. "Ez du ezertarako balio presak, egutegia ez du Aste Santuak ezartzen, birus honek ez baitu jaiegunez ulertzen".

Vergés-ek Katalunia konfinamendutik irteteko lau puntuko plan bat aurkeztu dio Espainiako Osasun sailari, nahiz eta ez duen martxan jartzerik izango.