argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako Montcadan hondakinak errausten dituen zementu-fabrika ilegala da, ebatzi du Auzitegi Gorenak
  • Montcada i Reixac herrian (Herrialde Katalanak) Lafarge multinazionalak zementua ekoizteko daukan fabrikaren ingurumen baimena legez kontrakoa dela ebatzi du Espainiako Auzitegi Gorenak, Kataluniako Auzitegi Nagusiak urtarrilean erabakitakoa berretsiz eta ondorioz usina geldiaraz dezala eskatu dio bertako udalak Generalitateari. Honek 2015ean eman zion porlana ekoizteko hondakinak erretzeko baimena, orain bertan behera geratu dena.

Zero Zabor @zero_zabor 2021eko apirilaren 12a
Montcada i Reixaceko herritarrak urteotan behin eta berriro mobilizatu dira hondakinak erretzearekin batera zementua ekoizten duen fabrikaren aurka. (Argazkia: Plataforma Anti Incineració de Montcada i Reixac)

Beren poza azaldu dute bai Montcada i Reixac herriko udalak eta bai bertako porlan-fabrika-erraustegiaren aurka urteotan borrokatu diren herritar eta mugimenduek, Espainiako Auzitegi Gorenak behin betiko ez-legezkotzat jo dituelako usinaren baimenak. "Gaurkoa egun handia da, herritarren osasunarentzako eta gure hirian arnasten dugun airearen kalitatearentzako", esan du Montcadako alkate Laura Camposek apirilaren 9an, albisteaz hitz egiteko udalak, Can Sant Joan auzo elkarteak eta Errausketaren Aurkako Plataformak eskaini duten prentsaurrekoan. 2008tik ari dira borrokan herriko elkarteak Lafargeren jardueraren kontra, bai mobilizazio bidez eta bai auzitegietan. "Benetan eskertuta gaude Can Sant Joan elkarteak egin duen borrokarekiko", aitortu du alkateak, "ez dutelako sekula amore eman eta gure poza agertu nahi dugu Auzitegi Gorenak ez duelako ontzat hartu Kataluniako Auzitegi Nagusiak gaiaz emandako sententziari enpresak jarritako helegitea".

Lafargeren porlan-fabrika-erraustegia eta Montcada i Reixac herria.

Lafargeren porlan-fabrikarentzako kolpe latza da orain Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzitakoa. Montcadako porlandegiari Generalitateak 2015ean berritu zion Ingurumen Baimena, zementua ekoizteko beste erregaiez gain hondakinak erraustea baimentzen ziona, baina joan den urtarrilean Kataluniako Auzitegi Nagusiak baliogabetzat utzi zuen hori oinarrituta zegoelako 2008an egindako ingurumen eraginen azterketa batean; epaileek onartu zuten 2008ko azterketak kontuan hartzen zituen araudiak gaur egun zaharkituta geratuak direla eta, ondorioz, Lafargeri ukatzen zion bere baimenak berritzeko aukera. Orain argudio horiek guztiak dira Espainiako Auzitegi Nagusiak berretsi dituenak, Montcadako porlan-fabrikaren ez-legezkotasuna azpimarratuz.

Hemen irakur daitezke osorik auzitegietako bi ebazpenak, Kataluniako Auzitegi Nagusiarena eta Espainiako Auzitegi Gorenarena.

Montcada i Reixaceko Udalak bezala herritarrek adi jarraitu beharko dute Generalitateak ebazpen horiekin egingo duena. Kataluniako Auzitegi Nagusiak bere ebazpenaren 4. puntuan erakusten du nola Generalitateak enpresari lagundu zion ilegalitateak zuritzen, administrazioak beti eskueran dauzkan tranpetako bat erabiliz: