argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako kontsultaren debekua nazioarteko hedabideetan
  • Espainiako Auzitego Konstituzionalak Kataluniako galdeketa bertan behera uztea albiste izan da nazioarteko hedabide garrantzitsuenetan. BBCk eta Le Mondek, adibidez, erreferendumaren suspentsioaren berri eman dute euren edizio digitaletan, eta New York Timesen Europako edizioak lehen orrialdean jaso du albistea.

Judith Perez @judyjudd 2014ko irailaren 30
The New York Times egunkariaren Europako edizioak lehen orrialdean jaso du Kataluniako galdeketaren debekua.

BBC kate britainiarrak dio Konstituzionalak “gobernu espainiarraren mesedetan” jokatu duela.

Reuters agentziak eta Le Monde egunkari frantsesak Auzitegi Konstituzionalaren azkartasuna nabarmendu dute batez ere. Izan ere, galdeketa bertan behera uzteko erabakia hartzeko ordubete baino ez zuten behar izan.

Madril eta Kataluniako Gobernuaren artean “aurrekaririk gabeko krisia” dagoela nabarmendu du Corriere de la Sellak.

Le Figaro frantsesa da xehetasun gehien eman dituena. Katalunian independentziak sostengu handia duela azaltzen du, eta inkesten arabera katalan gehienak erreferenduma egitearen alde daudela.

Kontsultaren suspentsioarekin batera, Kataluniako Gobernuak independentziaren “Liburu zuria” aurkeztu duela jakinarazi du egunkariak. Liburuak independentzia lortzekotan Kataluniak hartuko lituzkeen neurriak jaso ditu.

Vilaweb guneak nazioarteko hedabideek kontsultaren debekuari buruz argitaratutakoa jaso du.