argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako Kellyek “Booking” gisako plataforma sortu nahi dute, esplotazioz libre diren hotelekin
  • Lan Justu eta Kalitatezkoa Zigilua luketen hotelak bilduko lituzke plataformak, ostatu hartzen duen bezeroari langileen lan egoera duina bermatuz. Proiektua Kataluniako Kellyek bultzatu arren, Kataluniaz gaindikoa izatea nahi dute.

ARGIA @argia 2021eko uztailaren 21a
Argazkia: Las Kellys Barcelona

Kellyen Erreserba Zentrala egikaritu asmoz, Kataluniako Kellyen Sindikatuak diru bilketa abiatu du, proiektua finantzatzeko. Gutxienez 60.000 euro lortu nahi dituzte etikoa izango den Booking-en antzerako plataforma bat sortzeko, zeinak barnebilduko lituzkeen esplotazioz libre diren hotelak. Proiektuaren xedea litzateke jendeak ostatu hartzea kalitate estandarrak betetzen dituen eta Kellyek errepresentazio sindikala daukaten hoteletan.

2018an Generalitatean abiatu baina gerora gelditu zen ekimena bere gain hartu nahi izan du Kataluniako Kellyen Sindikatuak. Izan ere, urte hartan Catalunya en Comú alderdiak hotelentzako Lan Justu eta Kalitatezkoa Zigilua proposatu zuen, Kataluniako Parlamentuan onartu zena. Hoteletako eta pisuetako garbitzaileen prekarietateari aurre egiteko ekimenean aurrerapauso gutxi eman direla deritzote Kellyek ordea, eta hargatik, beren gain hartu dute ekimena aurrera ateratzeko eginkizuna.

Lan Justu eta Kalitatezkoa Zigiluak bermatu egingo luke berau daramaten hoteletan garbitzaileak beren konbenioa errespetatuz kontratatzen dituztela, baita zerbitzuok ez dituztela azpikontratatzen ere. Horiez gain, besterik ere bermatuko luke: lan arriskuen prebentziorako legean betetzen direla, generoaren araberako soldata arrakalarik ez dela, zaurgarritasun egoeran dauden kolektiboetako pertsonak kontratatzen direla, edota lan kontratuak mugagabeak izatea.

Proiektua abiatzeko aurrekontu minimoa lortu orduko plataforma sortzeari ekingo diotela adierazi du sindikatuak, eta 2022rako nahiko lukete prest izan. Azpimarratu nahi izan dute proiektua ez dela Kataluniara mugatuko.