Espainiako barne ministro Jorge Fernandez Diazek Katalunia independentea balitz, nazioarteko segurtasun-agentzien “aterki babesletik” at geratuko litzatekeela adierazi du. Eta ondorioz, terrorismo eta krimen antolatuaren bazka izatera igaroko litzatekeela.
ABC egunkariak antolatutako gosarian egin ditu adierazpenak Fernandez Diazek. “Katalunia beti Espainia izan da eta hala izaten jarraituko du”, esan du. Aukera erabili du oharpen berbera “antzeko estatus bat desio duten beste lurralde espainolei” helarazteko: “Aterki babesletik kanpo ezin da bizi”.
Artur Mas Kataluniako presidenteari errespetu eta zentzuz jokatzeko eskatu dio. Espainiako presidenteak kontsulta deitzeko akordioaren berri egunkarien bitartez eduki izana leporatu dio. Hala ere, galdeketa ez dela egingo gaineratu du eta Espainiako Gobernuak ez duela Artur Masekin hitz egiteko ezer, erreferendumerako deia mantentzen duen artean.
Egoera baliatuz, Espainiako Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak Euskal Herrian jarraituko dutela ohartarazi du, “Euskal Herria ez delako errepublika independente” bat.
Can Viesetaz, “gaurko ogia, biharko gosea”
“Gaurko ogia, biharko gosea”. Horrela laburtu du Espainiako Barne Ministroak Bartzelonako Sants auzoko zentro soziala eraistearen kontra izandako mugimendua. Gertatutakoak arduratzeko moduko aurrekari bat dela gaineratu du.
Bartzelonako Udalari “biolentoen xantaia” onartu izana leporatu dio, bere hitzetan, hauen esanei men egitea beti negozio txarra baita.
"Iglesiasek diskurtso zaharkitu eta mindua du"
Podemos alderdiko buruarentzako ere izan ditu hitzak ministroak. Bere diskurtsoa gogor kritikatu du eta arrazoibide “zaharkitua” eta “mindua” duela esan dio Pablo Iglesiasi.
ETAren inguruan Iglesiasek duen arrazoiketaren arabera, erakundeak bere helburuak beteko lituzkeela eta espainiarrak beldurtzen jarraituko lukeela adierazi du.