argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako independentistek epaiketaren lehen zatia irabazita, lekukoen txanda hasi da Madrilen
  • Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiketaren lehen faseak akusatuen aldeko argazkia utzi du. Asteartean amaitu ziren auzipetutakoen deklarazioak Carme Forcadell Kataluniako palamentuko presidente ohiaren eta Jordi Cuixart Òmnium Cultural erakundeko presidentearenak.

ARGIA @argia 2019ko otsailaren 27a
Carme Forcadell (lehen planoan) eta Jordi Cuixart, buruzagi independentisten aurkako epaiketan.

Bereziki azken honen adierazpenek arnasberritu egin dituzte independentista kataluniarrak: Cuixartek bere buruaren defentsa politikoa egin zuen, desobedientzia zibila defendatuz eta epaiketaren izaera antidemokratikoa nabarmenduz. Zigorrak arintzera bideratutako beste akusatu batzuen defentsa teknikoagoen aldean –Forcadellek, adibidez, ukatu egin zuen independentzia lortzeko estrategia batean parte hartu izana–, Cuixartek oinarrizko eskubideen defentsan aritu zela nabarmenduz erantzun zien akusazioaren galderei.

Asteazkenera arte egin diren zazpi auzi-saioek nolabaiteko baikortasun zaporea utzi dute akusatuen artean, fiskaltzak haiei matxinada delitua leporatzeko aukerak murriztu direla irudi baitu. Delitu hori frogatzeko, izan ere, akusazioek erakutsi beharko lukete 2017ko urriko erreferendumaren inguruko gertakariak “indarkeriazko altxamendu publikoa” izan zirela. Akusatuei egindako galderetan ez zen hori frogatzeko osagai sendorik ikusi ordea eta zenbait hedabide kataluniarretan aurreikusten hasi dira zigor txikiagoa duen sedizio delitua leporatzea gertagarriagoa dela.

Nolanahi ere, orain arteko saioak epaiketaren fase bat izan dira. Asteazken honetan beste bat hasi da, zeinean gonbidatuak beste batzuk diren: Mariano Rajoy Espainiako presidente ohia, haren eskuineko eskua izan zen Soraya Saenz de Santamaria edo Cristobal Montoro, Espainiako Ogasun ministro ohia besteak beste.

Guztira 246 lekukoren testigantzak entzungo dira epaiketaren bigarren fasean. Aipatutako horiez gain Espainiako Gobernuko goi-funtzionarioak eta Guardia Zibileko agenteak lekuko gisa arituko dira epaiketan eta pentsatzekoa da haien adierazpenek kolore ilunagoa emango diotela auzipetuei leporatzen zaizkien ekintzei.

Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak ere lekuko gisa deklaratuko du epaiketan ostegun honetan. Josep Rullen defentsak deituta deklaratuko du Alonsotegiko politikariak, Kataluniako auzian bitartekari gisa jokatu zuen rola esplika dezan.