argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako historia sinposioa auzitegira eraman dute PP, Ciutadans eta UPyDk
  • Espanya contra Catalunya sinposioan “bazterketa, gorrotoa eta biolentzia” sustatzearen delitua egon daitekeela uste dute. Kataluniako Auzitegi Nagusiko Fiskaltzari salaketa igorri diote.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2013ko abenduaren 11

Kataluniako Historia Garaikideko Zentroak 1714tik hona Espainiak Kataluniari egin dizkion irain eta erasoak aztertzeko antolaturiko sinposioaren kontra gero eta gorrorago ari dira sektore espainolistak. UPyD alderdiak iragarri du fiskaltzaren aurrean salatuko duela ekitaldia; bere ustez programako (pdf)  hainbat izenburu delitu izan daitezke, kode penalaren arabera “bazterketa, gorrotoa eta biolentzia” sustatzeagatik, eta 3 urte arteko kartzela zigorra jaso dezakete antolatzaileek. PPk eta Ciutadansek bat egin dute salaketarekin.

Sinposioaren beraren izenburua, (Espanya contra Catalunya, una mirada histórica. 1714-2014), polemika iturri izan zen. Josep Fontana historialari prestigiotsuak (LARRUNeko 172. zenbakian elkarrizketa egin genion) izenburua “probokatzailea eta zoritxarrekoa” izan zitekeela esan zuen, baina era berean konferentzien zorroztasunean “konfiantza” zuela azaldu zuen. Berak emango du sinposioa inauguratzeko hitzaldia.

Sinposioaren aurkezpen ofiziala herenegun izan zen. Kataluniako Historia Garaikideko Zentroaren presidente Jaume Soberquèsek adierazi zuen txosten sakona egiten ari direla azken 300 urteetan Katalunia kaltetu duten Espainiako boterearen erabaki guztiak zerrendatzeko: “Demoledorea izango da”, esan dio Vilaweb atariari.

Nolanahi ere, sinposioak erreakzio politiko ugari sortu ditu. El País egunkariak La historia como arma izeneko editoriala eskaini dio gaur gaiari. Bere esanetan sinposioak “kobertura ematen dio independentismotik operazioa hasi dutenei, Espainia aurkezteko Kataluniak jasan ditzakeen kalte guztien enkarnazio moduan”. Bestalde, García-Margallo Espainiako Kanpo Arazoetarako ministroak esan du “historiaren ageriko faltsifikazioa” dela.

García-Margalloren hitzei erantzunez, Twitterren #EspanyaContraCatalunya etiketa erabiltzen ari dira, katalan hizkuntzaren kontra edo Kataluniaren kontra Espainiako agintariek egindakoak azaltzeko:

Sinposioa abenduaren 12an hasiko da, ostiralarekin, eta 14a arte iraungo du. ARGIAko kolaboratzaile Patxi Larrionek bertatik bertara jarraituko ditu bere blogea han esandakoak eta aurrekronika idatzi du: Katalunia 1714-2014.