argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako hauteskundeak maiatzaren 30era atzeratuko dira
  • Kataluniako Gobernuak proposatu die alderdiei datorren otsailaren 14an egin beharreko hauteskunde autonomikoak maiatzaren 30era atzeratzea. Ostiral goizean Alderdien mahaian bilduta ziren indar politikoek proposamena onartu dute, PSCk izan ezik.

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 15
Alderdien Mahaiaren plano orokor bat. (Arg.: ACN)

COVID-19aren kutsaduretan izandako gorakadaren ondorioz gertatu da atzerapena. Generalitateko Osasun Sailak iragarri zuen ospitaletako artatze une gorenak otsailaren 14ko aurreko egunetan emango zirela eta gobernuan aipatu zuen ez zuela egoki ikusten egoera horretan bost milioi pertsona mobilizatzea kaleetan.

PSC izan da dataren aurkako jarrera izan duen bakarra, haren ustez martxoaren 21ean egin behar ziren eta. Hauteskundeen antolaketa Kanpo Ekintzarako Sailaren esku dago eta hau ERCk gidatzen du gaur egun, gobernua bera bezala, Pere Aragones ari baita jarduneko lehendakari gisa.

Oraingoan JxCat eta ERC eskutik etorri dira erabakiarekin. Madrilgo Gobernua, aldiz, atzerapenaren aurka agertu zen. Ostiral arratsaldean onartuko da atzerapenaren dekretua eta berau aztertu ondoren ikusiko da alderdi edo erakunderen batek helegitea aurkeztuko duen.