Hori da Kataluniako Justizia Auzitegi Gorenak ostiral honetan erabaki duena. Kanpaina gauerdian hasi da eta ikusmin handia zegoen ea bertan behera utzi beharko zen ala ez.
Kataluniako Gobernuak joan den urtarrilaren 15ean atera zuen hauteskundeak maiatzaren 30era atzeratzen zituen dekretua. Gobernuak argudiatzen zuen hirugarren bagako pandemiaren datuak gero eta okerragoak zirela, eta ez zela komeni egoera horretan gizartean bost milioi pertsonaren mobilizazioa eskatzen zuten hauteskundeak egitea.
Auzitegiek ez zuten onartu atzerapena eta dekretua bertan behera geratu zen azken erabakiaren zain, gaur etorri dena. Gorenaren arabera, besteak beste, Gobernuak abenduan hauteskundeak deitu zituenean bazekien deialdia zein egoeratan egiten zen eta hauteskunde eguneko kutsatze arriskua gutxitu daiteke horretarako neurriak hartzen badira.
Independentismoak %51 gaindituko du
Generalitatearen menpe den Kataluniako Azterketa Zentroak egindako inkestaren arabera, ERCk irabaziko ditu hauteskundeak 34-35 diputaturekin eta JxCat bigarren indarra izango da 32-34 eserlekurekin. PSC litzateke hirugarrena 26-29 diputaturekin. Edozein kasutan, inkestaren arabera, independentismoak %51 gaindituko luke, lehen aldiz hauteskunde batzuetan, eta horrek baikortasuna ekar dezake orain arte nahiko etsita agertu den mugimendu independentistara.
Baina denetatik egoten da inkestetan, ohikoan egilearen arabera, eta duela gutxi CIS Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroak egindakoaren arabera, PSC litzateke irabazlea, Salvador Illa Espainiako Osasun ministro ohiaren tiradizoarekin eta Ciutadansen botoaren zati handi bat erakarrita.
Behean Jordi Cuixar presoaren txioa, hirugarren graduan gaur libre atera ondoren kanpainan parte hartzeko.
Tercer grau efímer, però no cedirem a cap xantatge. Avui, més que mai, compromís amb la lluita per la República, la cultura i la dignitat de tot un poble. Amb la @ForcadellCarme i la @dolorsbassac al cor. #AmnistiaAra pic.twitter.com/DO3ZU8aQDS
— Jordi Cuixart (@jcuixart) January 29, 2021