argia.eus
INPRIMATU
Sant Jordi egunez FNACen ez dute libururik sinatuko hainbat idazlek, langileen baldintza txarrengatik protestan
  • Asteazkenean, Sant Jordi egunez, Kataluniako 30 idazle inguruk ez dute libururik sinatuko Bartzelonako FNACen, langileek abiatutako grebari babesa adierazteko.

ARGIA @argia 2014ko apirilaren 23a
FNACeko langileen %60k hilean 500 euro baino gutxiago jasotzen du lanaldi partzialean, CGTk salatu duenez. (Argazkia: @qbadiamasoni)

Multinazional frantziarrean ari diren langileen baldintza kaskarrak salatzeko deitu du 24 orduko lanuztea CGT sindikatuak. Hasiera batean UGTren babesa ere bazuen grebak, baina azken unean atzera egin du, gaurko egunak saltokiaren fakturazioan duen pisua dela-eta.

Langileen etengabeko errotazioa, lanpostuen behin-behinekotasuna eta soldata baxuak dira, CGTren hitzetan, langileak grebara deitzeko arrazoi nagusietakoak.

Besteak beste, Vicenç Pagès Jordà, Andreu Buenafuente, Paula Bonet, Toni Albà, Roc Casagran, Antonio Baños, Xavi Sarrià, Jair Domínguez eta Jaume Barberà idazleek azaldu dute ez dutela libururik sinatuko Katalunia Plazako FNACen.

Dozenaka gizarte eragile, sortzaile eta politikarik ere babestu dute greba, David Fernandez (CUP) eta Joan Tarda (ERC) politikariek, esaterako; baita Ada Colau PAH plataformako bozeramaileak ere. Haien babes bideoak ikus daitezke Vilaweben.

Informazio gehiago:

Greba egunaren jarraipena Twitterren: #NoSignisAlFNAC

FNAC: azukredun espekulaziotik kulturaren negoziora (Directa agerkarian, katalanez)