argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako gobernuak zezenketen aurka egiten jarraituko du
  • Espainiako Konstituzio Auzitegiak bertan behera utzi zuen Katalunian zezenketak debekatzen zituen legea. Kataluniako gobernuak erabakiari aurre egingo diola aurreratu du, kataluniarren nahiak betetzeko.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko urriaren 21
Zezenketen aurkako protesta Bartzelonako Monumental zezen plazaren aurrean.

Ostegunean utzi zuen baliorik gabe legea Konstituzionalak, zortzi magistraturen aldeko botoekin eta aurkako hirurekin. Auzitegiaren arabera zezenketak “interes kultural nazionaleko” ekitaldiak dira Espainiako Estatuan. Autonomia erkidegoek ekitaldi hauek arautu ditzaketela uste dute magistratu gehienek, baina ez debekatu.

Legea 2010eko uztailaren 28an onartu zen Kataluniako parlamentuan. Aurretik Prou herri ekimenak 180.000 sinadura bildu zituen zezenketarik berriz ez egiteko eskatuz.

Kataluniako gobernuak abisatu zuen emaitza argitaratu aurretik zezenketak ez zirela itzuliko. Konstituzio Auzitegiaren erabakia jakin bezain laster, aurka agertu da eta animalien eskubideak “festa nazionalaren gainetik” daudela azpimarratu du.

Josep Rull lurralde eta jasangarritasun kontseilaria gogor mintzo da erabakiaren aurrean: “Animalien sufrimenduan oinarrituriko ikuskizun publikoak egitea posible ez den herrialde bat nahi dugu”. Gobernuko beste hainbat kidek salatu dute parlamentuaren zilegitasuna kolokan jarri nahi dutenen beste eraso bat dela.

PSC eta Catalunya Sí Que Es Pot alderdiak Kataluniako gobernua bide legalak aurkitzera animatu eta gai honetan ondoan izango dituztela azaldu dute. CUP alderdiak, berriz, desobedientziaren bidea aldarrikatu du. Kataluniako PPko buru Xavier Garcia Albiol erabakiarekin gustura agertu da, Ciudadanosek gaia estatu mailan eztabaidatu beharrekoa dela adierazi duen bitartean.

Galdeketara bidean, Donostia Espainiako Gobernuaren baimen eske

Donostiako alkate Eneko Goiak zezenketen inguruko hiri kontsulta egiteko berriz ere lanean jarriko direla azaldu du. Udaleko hurrengo plenora eramango du Espainiako Estatuko Ministro Kontseiluari baimena eskatzeko proposamena. Bide hau hartzeko erabakia orain arte jasaniko “traben” ondorio dela argudiatu du. 2017ko otsailean egin nahi zen galdeketa bertan behera utzi zuen Donostiako auzitegi batek Espainiako gobernuaren ordezkari Carlos Urquijok helegitea jarri ondoren.