argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako Gobernuak 200.000 pertsona konfinatu ditu
  • Lleidako Segria eskualdean 300 COVID-19 kasutik gora atzeman dituzte. Uztailaren 4an jarri zuten indarrean konfinamendua.

Mikel Eizagirre 2020ko uztailaren 06a
Mossoak eskualdeko sarbidea kontrolatzen. Argazkia: El Tot LĀ“Hospitalet Argazkia: El Tot LĀ“Hospitalet

200.000 pertsona konfinatu dituzte Lleidan, koronabirus kasu ugari direla eta. Segria eskualdean aplikatu dute neurria, Quim Torra Kataluniako Gobernuko presidentea Procicateko batzorde teknikoarekin bildu ostean. Biztanleek 16:00ak arte izan zuten irten ala sartzeko aukera.

Horrenbestez, Segrian hilabete batzuk atzera egin dute, bizilagunek ez baitute eskualde horretatik mugitzeko aukerarik izango, lanerako ez bada. Lleidan autobideak erabili ahal izango dituzte, Segrian sartzeko edo bertatik ez irteteko baldintzarekin.

Kataluniako Gobernuak debekatu egin ditu hamar pertsonatik gorako bilkurak, espazio publiko zein pribatuetan. Adinekoei “ezinbesteko” irteerak bakarrik egiteko gomendioa luzatu die. Eguneko zentroak itxi egingo dituzte, eta egoiliarren senitartekoek ezingo dute zahar-etxeetan bisitarik egin, beste behin.

Eskualdean 210.000 pertsona baino gehiago bizi dira, eta horien artean 325 COVID-19 positibo hauteman dituzte iragan astean. Ondorioz, estutu egin da ospitaleetako egoera beste behin.