argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako eta Euskal Herriko esperientzia kooperatiboak partekatuko dituzte Arantzazun
  • Koopfabrikak antolatuta, Lurraldeak eta kooperatibak. Katalunia eta Euskal Herriko esperientziak jardunaldia egingo dute otsailaren 18an Oñatin, Arantzazun.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko otsailaren 17a
Terres Gironineseko ateneo kooperatiboan lanean (argazkia: Ateneucoopgi)

Euskal Herriko eta Kataluniako esperientzia eta proiektu kooperatiboak ezagutzeko parada izango da datorren ostiralean Arantzazun, Gandiaga Topagunean, Koopfabrika ekintzailetasun sozialean trebatzeko programaren baitan. Besteak beste, Josep Vidal i Fabrega Kataluniako Generalitateko ekonomia sozialeko zuzendari orokorra izango da bertan hitz egiten.

Katalunian politika publikoekin egiten ari diren esperientzia berritzaileen berri izango dute jardunaldian parte hartuko duten ekintzaileek, eta Euskal Herrian halako eredu propioak nola sustatu hausnartzeko tartea ere hartuko dute.

Izaro Elorza Oñatiko alkatearen ongi etorriaren ondoren, autoeraketan eta bestelako proiektu kooperatibotan ari diren hainbat adituren hitzak ere entzungo dituzte, tartean Jon Sarasua HUHEZIko irakaslearenak. Horrez gain Kataluniako Ateneu Cooperatiu-etako kideak izango dira euren esperientziaren berri ematen.

Ateneo kooperatiboak eredu

Kataluniako ateneo kooperatiboak herrialde hartako hainbat tokitan hedatu dira Generalitateak lagundutako Aracoop programaren bidez. Bartzelonan, Lleidan, Gironan, Tarragonan, Pirinioetan... Oraingoz 14 ateneo sortu dituzte eta 120 proiektu sozial barnebiltzen dituzte.

Ateneoak ekonomia eraldatzaileko espazio gisa egituraturik daude eta euren artean sare bat osatu dute, kooperatibak sortu nahi dituztenei formakuntza, informazioa eta aholkularitza eskaintzeko.