Tarragonako Mas d’Enric kartzelan ari dira esperimentua egiten, eta adostuta dute ondo aterako balitz beste espetxeetara hedatzea. Bain Capital enpresa estatubatuarraren jabetzakoa den Inetum Cataluña SA enpresa da proiektuaren arduraduna. Bain Capitalek armagintzan inbertitu du, eta Israeli babesa adierazi dio.
Tarragonako Mas d’Enric espetxean esperimentu bat egiten ari dira adimen artifizialaren bidez, Directa hedabideak jakinarazi duenez. Segurtasun neurriak indartzeko arrisku egoerak aurreikusi eta saihestea du helburu proiektuak. Inetum Cataluña SA enpresa da esperimentuaren arduraduna. 200.000 kostua izango du ikerketak, eta kontratuan adostutakoaren arabera, beste espetxe batzuetara hedatzeko aukera egongo litzateke.
Zeresana eman du horrek, armagintzan inbertitu duen Bain Capital enpresa estatubatuarra delako Inetum Cataluñaren jabea. Horrez gain, bere babesa adierazi dio Israeli, esaterako, herrialde horretako erakunde humanitarioei egindako adierazpen publikoen eta dohaintzen bidez.
Kataluniako Generalitateko Justizia Sailak adierazi du proiektua “froga” bat dela. Azaldu duenez, adimen artifizialaren bideragarritasuna eta erabilgarritasuna egiaztatu nahi dute. Hasierako fasean, “desegokiak” diren elementuak identifikatzen saiatzen ari dira AAren bidez. Halaber, aurpegia eta keinuak ezagutzeko sistema bat ezartzeko asmoa dute, “jokabide irregularrak detektatzeko eta ihesaldiak saihesteko”.
Esperimentuari kritikak
Hainbat erakundek beren kezka adierazi dute adimen artifizialaren erabileraren inguruan. Kataluniako Zigor Sistemaren eta Giza Eskubideen Behatokiko kide Iñaki Riverak nabarmendu du espetxe-politika bat gauzatzen ari direla giza eskubideak defendatzen dituzten erakundeen eta lege-erakundeen iritzia kontuan hartu gabe. Lafede.cat-eko Digitalizazio Arloko Judith Membrivesek, aldiz, azpimarratu du teknologia horrek oinarrizko eskubideei eragin diezaiekeela, hala nola pribatutasunari, adierazpen-askatasunari eta duintasunari. Halaber, tresna kritikatu du epaiketa justua izateko eskubidea eta errugabetasun-presuntzioa urra dezakeelako, esaterako, erabakiak hartzerakoan eragin dezaketen “arraza- eta gizarte-aurreiritziengatik”.