Kataluniako Espetxe Zerbitzuen buruak, Pere Soler i Campins-ek, Iñaki Rivera eta Jorge Del Cura Kataluniako kartzeletara sartzea debekatzeko agindua eman du. Torturaren Prebentziorako Koordinakundearen kideak dira biak.
Jesus Rodriguez kazetariak La Directan idatzi du Rivera nola konturatu zen betoaz. Gose greban dagoen Jose Antunez Becerra bisitatzera joan zen Brians II espetxera eta Espetxe Zerbitzuen ordenagailuak kartzelarako sarrera ukatu zion. Duela bi aste Del Curari ere Antunez bisitatzea galarazi zioten Soler i Campinsen aginduz.
Antunez Becerrak 60 egun daramatza gose greban eta Riveraren esanetan ezin du espetxean denbora gehiago egon: “Brians IIko erizaindegia ezagutzen dut eta ezin zaio osasun egoera larrian dagoen pertsona bati behar bezalako arreta eman”.
Betoaren aurkako erreakzioak berehalakoak izan dira. Latinoamerikako eta Espainiako unibertsitate eta behatokiak biltzen dituen Giza Eskubideen aldeko RELAPT erakundeak bi ordezkarien aurkako betoarekin amaitzeko eskatu du komunikatu batean. Kataluniako Gobernuak, bestalde, Mauro Palmak zuzentzen duen Europako Espetxeen Behatokiaren gutuna jaso du Pedro Solerren portaera “indarrean dagoen legediaz kanpo” dagoela argudiatuz.