argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako erreferendumaz lehen inkesta: %64ko parte-hartzea eta baiezkoa aurretik
  • Bi hilabete geratzen direnean Carles Puigdemont President-ak deitutako urriaren 1eko erreferendumerako, Ara egunkariak lehen inkesta argitaratu du galdeketaz. %64ko parte-hartzea aurreikusten dute, horietatik %42,3ak baietzaren aldeko botoa emango luke eta %38,9ak ezezkoa.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko uztailaren 21

Kataluniako Gobernuaren lehen helburua beteko da, itxura guztien arabera; parte-hartze esanguratsua izatea. Bozka ematera joango dela segurtatu du %54,9ak, eta %9,3ak esan du ziurrenik parte hartuko duela. Guztira %64,2; alegia, Kataluniako hauteskundeen bataz bestekoaren barruan.

Inkesta erantzun dutenen artean daude urriaren 1ean parte hartzeko asmoa dutenak eta ez dutenak, baina guztiei galdetu zaie zer erantzungo luketen. Boto intentzioak erakusten du %42,3ak baiezkoa erantzungo lukeela eta beheraxeago baina 3,4 puntuko aldearekin soilik, %38,9ak esan du ezezkoa emango lukeela. 18 eta 34 urte bitartekoen artean baiezkoaren aldea handiagoa da, 10 puntukoa.

Galderari emango lioketen erantzuna kontutan hartuta ateratzen dira emaitza justu hauek, baina kontutan hartuko balira galdeketan parte hartzeko asmoa dutenen erantzunak soilik, independentziaren aldeko jarrera askoz ere altuagoa da. Gaur gaurkoz galdeketan parte hartzeko asmoa dutela adierazi dutenen erantzunak soilik izango bagenitu kontutan, baiezkoa %67k emango du eta ezezkoa %19ak.

Horrez gain, independentziaren afera bideratzeko erreferendumaren alde agertu da %68,5. Kontra, berriz, %26,5.

2015eko azaroaren 9ko galdeketarekin alderatuta, ordea, ezezkoaren mobilizazioa da desberdintasun handietako bat. Oraingo honetan independentziari 'ez' esango lioketenen artean %34,7ak erreferendumean parte hartzeko asmoa adierazi du.