argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako erreferendum legea: baiezkoan, berehalako independentzia aldarrikapena
  • Junts pel Sí eta CUP taldeek urriaren 1eko autodeterminazio erreferenduma arautuko duen legea aurkeztu dute Kataluniako Parlamentuan. Azaldu dutenez, berarekiko kontraesanean legokeen beste edozein arauren gainetik egongo da lege berria, eta indarrean egongo da erreferendumaren emaitzak publiko egiten den unera arte.

ARGIA @argia 2017ko uztailaren 04a

Erreferendumean Katalunia errepublika independente izatea nahi ote duten galdetuko diete herritarrei, aurretik iragarri legez. Baiezkoak irabaztekotan, Parlamentuak berehalako independentzia aldarrikapena egingo duela aurreikusten du legeak. Ezezko kasuan, hauteskunde deialdia egin beharko luke gobernuak.

Lege berriak Kataluniako Hauteskunde Batzordearen sorrera aurreikusi eta erakunde guztiek hari laguntzeko beharra ezartzen du. Besteak beste, udalek batzorde horren eskueran utzi beharko dute hauteskundeetan erabili ohi diren hauteslekuak eta bestelako materialak. Espainiako Gobernuak gutun bana igorri die dagoeneko Kataluniako udalei, esanez ezin dutela erreferenduma egiteko inolako laguntzarik eman, “Konstituzioaren eta Kataluniako Autonomia Estatutuaren aurkakoa baita”. Kataluniako lau diputazioek eta 42 bailarek ere jaso dute eskutitza.

Erreferendum Legearen aurkezpenean esan dutenez, udalen batek ez balu hauteslekurik utziko, Generalitatea bera arduratuko litzateke zeregin horretaz.