argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako Erreferendumaren bigarren urteurrena heldu da, epaia ezagutzear eta atxiloketak denboran gertu direla
  • Buruzagi independentisten aurkako auzibideko epaia jakitear, eta CDRko zazpi kideren atxiloketak denboran gertu direla, Kataluniako Erreferendumaren bigarren urteurrena heldu da. Hainbat ekintza eta agerraldi burutu dira eguneko lehen orduetan, eta gehiago aurreikusten dira egunean zehar.

ARGIA @argia 2019ko urriaren 01
Montserraten burututako "Llum y llibertat" ekimena (Argazkia: @riverolavictor)

2017ko urriaren 1ean bozka ematera atera ziren milaka herritar Katalunian. Herritarrek Espainiako Gobernuaren errepresioa jasan zuten; ehundaka poliziak hartu zituzten kale eta bozka-lekuak, eta herritarrenganako indarkeria izan zen nagusi. Ostean etorri ziren erbesteratzeak eta atxiloketak. Kataluniako Erreferendumaren bigarren urteurrena buruzagi independentisten aurka egindako epaiketaren epaia aurki jakitear dela heldu da.

Testuinguru horretan, urriaren 1ari hasiera eman dion ekintzak Generalitateko presidenteak eta preso politikoak omendu ditu: 500 eskalatzaile Montserrat mendira igo ziren bart, eta 131 suziri piztu zituzten, Kataluniak izandako presidenteak haina. “Llum y llibertat” izena eman dioten ekintza ANC Kataluniako Batzar Nazionalak eta Omnium elkarteak burutu dute, eta argiek preso politikoen ziegak argiztatu nahi izan dituzte.

 

Carles Puigdemont presidente ohiak ere parte hartu du ekimenean, suziri bat piztuta ageri den bideo bidez.

Generalitateko presidente Quim Torra eta gainontzeko kontseilariek ere agerraldia egin dute, eta Torrak adierazi du orain bi urteko bideari eutsiko diotela, errepublikarantz jarraituz, bide baketsu eta demokratikoetatik.

Beren aldetik, Puigdemont, Toni Comín, Meritxell Serret, Clara Ponsatí eta Lluís Puig kontseilari ohiak Europako Parlamentuaren aurrealdean bildu dira Oriol Junqueras, Comín eta Puigdemonten aulkiak exijitzeko.

Urriaren 1eko bozka-lekuetako bat izandako Bartzelonako Sedeta lorategietan egin dute agerraldia JxCat, ERC, CUP, ANC eta Òmnium Cultural-ek, "kataluniako jendartearen ordezkaritza transbertsala" izan nahi duen ekimenean, Omnium elkartearen hitzetan. Martí Anglada eta David Fernández kazetariek, eta Anna Sallés i Bonastre historialariak hartu dute hitza:

 

Irailaren 24ko polizia operazioak ere baldintzatu du erreferendumaren bigarren urteurrena. Guardia Zibilak CDRetako bederatzi kide atxilotu zituen, horietako zazpi talde terroristako kide izatea leporatuta espetxeratuz. Hala bada, atxiloketak eta urteurrena tarteko, goizaldean Gironako Guardia Zibilaren kuartelaren parean eta Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean mobilizatu dira hainbat herritar. Hainbat Mosso d’Esquadrek inguratu dituzte eraikinak, eta adin txikiko manifestari bat identifikatu dute, ustez eraikinari arrautzak botatzeagatik.

Goizaldeko seiretan ekin diote Gironako mobilizazioari, eta asmoa iluntzeko zortziak arte protestei eustea da. Ordu horretan, zuziekin martxa egitea aurreikusten da.

Gironako protesten ildo berean, mobilizazioa ari dira burutzen Lleidan ere.